Bernardo Atxagaren Bi anai nobela du oinarri Imanol Rayoren izenburu bereko filmak. Nobelan bezala, Paulo eta Daniel dira bi anaiak filmean ere, eta Paulok Daniel zaindu beharra du, buruko gaitz batek ahalmen batzuk urritu dizkiolako. Hasieratik izan du argi Rayok (Arbizu, Nafarroa, 1984) filmak ez zuela kontatzeko moduan nobelarekiko fidel izan behar eta osotasun formal batean integratiu behar zituela filmaren elementu guztiak, oso giro berezia duen lana eratuz.
Zerk bultzatu zaitu Bernardo Atxagaren Bi anai -ren zinemarako egokitzapena egitera? Zer balio nagusi aurkitu dizkiozu nobelari?
Bi anai zer den eta bere garaian zer ekarpen egin zuen kontuan hartzen badugu, euskal irakurleei bideak ireki zizkien, Obabakoak baino lehenagotik. Obra garrantzitsua da, etxe askotan dagoen liburua, erreferentzia bat, nire inguruan behintzat. Oso lan herrikoia eta gertukoa. Zineman, oso premisa zehatzetan lan egiten dut; hasieratik izaten dut argi pelikula, formalki, premisa horien araberakoa izango dela, edo bestela ez dela pelikularik izango. Bi anai-k planteamendu horren analogia zuen, baina literaturan egina, beste mintzo batean. Ez da erabaki bat izan, esanez 'nobela hau eta kitto'. Izan da apunteak hartu eta ikustea koherentzia bat baduela, eta proba daitekeela hori zineman egiten.
Zer planteamendurekin ekin zenion egokitzapenari?
Premisa garrantzitsuena izan da dramatismotik aldentzea eta dena gardenki ateratzea. Hasieratik zegoen argi egitura eliptikoa izango zuela, iruditik kanpo dagoenak gehiago kontatuko zuela irudietan dagoenak baino. Nobelan kontalariak animaliak dira, mintzo hori kanpoko gauza bat da. Filmeko egitura bera dago nobelan, kontzeptu berbera, beste kode batean, beste arte batean.
Aktoreen lana dramatismoaren antipodetan dago. «Lauak» izateko eskatu zenien.
Aurrekoarekin lotuta, filmean aktoreen kontzeptua osotasunaren barruan integratua dago. Nik irudien mosaiko moduko bat sortu dut, eta irudi baten eta hurrengoaren artean zerbait gertatu da. Ikusleak hor gertatu denaz pentsa dezake. Hor sortzen den narratiba landu dut. Irudi guztiak autonomoak dira eta osotasunean lotzen direnean sortzen da filma. Baina era berean guztia integratzen duten elementuak —animaliak, basoa, natura bera edo gainerako elementuak— pertsonaiak dira, pelikularen protagonista bihurtzen dira. Eta uste dut nobelan ere hala dela. Horregatik, interpretazio aldetik aktoreak lauak dira, paisaian dauden beste elementuen mailan daudelako, animalien edo naturako elementuen xumetasun berean.
Bereziki harrigarria egiten da umeen isiltasuna. Jolasten dutenean ere builarik gabe jolasten dute, ia-ia seriotasunez.
Hori ere lotua dago gainerako guztiarekin. Badago halako hieratismo bat, baina azken batean hori gertatzen da formak garrantzi handia duelako. Ni ez naiz naturaltasun bat defenditzen ari, osotasun bat baizik. Hor sistema bat dago, eta sistema hori formalki horrela da, eta sistemaren barruko elementu guztiek forma hori eduki behar dute. Horregatik dira, neurri batean, hieratiko samarrak. Dena den, nire ustez, askoz okerragoa da kontrakoa, antzezleak erabat espresibo daudenean. Orduan bai ez zaizkidala sinesgarriak egiten.
Nola erantzun diete aktoreek zure eskariei?
Ideiak oso argi egon dira hasieratik. Uste dut aktoreek ziurtasun bat ikusi dutela, eta, hori ikusita, gidatzen utzi direla.
Oso film isila da. Une bakanetan baino ez da ageri musika, festetan zuzenean joa, eta naturako eta etxeko soinuak dira nagusi filmaren zati gehienetan.
Pelikula bat irudia eta soinua da, eta biek bat etorri behar dute. Iruditik kanpo dagoenak irudian dagoenak baino gehiago esaten baldin badu askotan, soinuekin ere hala gertatzen da. Ia lau hilabete eman ditugu soinua sortzen. Musika diegetikoa izatea ere —hau da, filmaketan zuzenean grabatua, eta ez filmerako espresuki sortutakoa— nire hasierako ideiaren ondorioa da, eta lotuta dago filmaren izaerarekin. Normalean ondoan izan arren erreparatzen ez diogun hori nabarmentzen dufilmak, hala irudiei nola soinuei dagokienez. Irudien gainetik jarritako musikak ez zuen zentzurik izango. Eguneroko bizitzan ez dugu Jainkoak zerutik jarritako musika entzuten. Soinuan, irudietan bezala, gardentasuna bilatu dut.
Irudietan, soinuan, aktoreen lanetan bilatu duzun soiltasun hori minimalismotzat jo daiteke.
Bai, baina hori beste etiketa bat baino ez da. Nik egin egiten dut eta gero besteek jartzen dute etiketa.
Film poetikoa dela ere esaterik ere badago.
Poetikoa dela esaterakoan, poesiaren irudi topikoa izaten dugu gehienetan buruan, erromantizismoarekin lotua: poeta bakartia bere ganberan sonetoak idazten... Bi anai-k ez du zerikusirik horrekin. Gardentasuna bilatzen du, poesia sortzeagardentasunetik, Japoniako haikuen antzera.
HURRENGO EMANALDIAK
Gaur: Viktoria Eugenia antzokian, 20:45ean.
Bihar: Antiguo Berri 5en, 17:00etan.
Donostiako 59. Zinemaldia. Imanol Rayo. Zinemagilea
«Ondoan izanik erreparatzen ez dioguna erakusten saiatu naiz»
Zuzendari gazte nafarrak 'Bi anai' filma aurkeztu du Zinemira sailean, Bernardo Atxagaren izenburu bereko nobelan oinarritua baina askatasunez kontatua, zinema «beste mintzo bat» dela kontuan hatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu