Ondorio «baliagarriak» utzi ditu lanak, Aldundiaren ustez

Erakunde publikoek ez ezik kulturgintzako eragileek ere aintzat hartzeko ideiak daude ikerketan, egileen ustez

Ainhoa Sarasola.
Donostia
2010eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Sorguneak ikertegiaren azterlanak «emaitza onak» utzi dituela eta etorkizunean euskara eta euskal kultura sustatzeko erakunde eta gizarte eragileentzat «baliagarriak» izango direla uste du Maria Jesus Aranburu Kultura diputatuak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz egin du azterlana Sorguneak-ek, eta Julen Arexolaleiba, Lorea Agirre eta Jon Sarasua ikertegiko kideek lanaren nondik norakoak aurkeztu zituzten atzo, Aranburu alboan zutela.

Agirrek laburbildu zituen ikerlanaren hamasei oinarri nagusiak. Ikerketa eremutzat euskarazko kultura izan dutela zehaztu zuen, eta hainbat hizkuntza gutxituren kasuan bezala, euskara maiz kultur eremuan «babestu» dela gaineratu. «Horregatik, egia da euskara eta kultura garrantzizko elementuak direla hizkuntz komunitatearen nortasun zeinu gisa, eta, beharbada, euskara bera kultura esparruan dagoela osasuntsuen». Euskararen egoera normalizatua ez denez «gaur egun euskaldun izateak nahimen bat, borondate bat» eskatzen duela adierazi zuen Sarasuak, eta ziurrenik hurrengo belaunaldietan ere eskatuko duela. «Nahimen hori elikatu behar da, eta horretan funtzio berezia du euskal kulturgintzak».

Gizarte eragileen garrantzia

Aranbururen hitzetan, norberak, bakarka edo taldeka, eremu batean nahiz bestean aritu, ikerketatik hainbat egitasmo eta gogoeta atera ditzake bere lanerako. «Baita Diputazioak ere. Horrek ez du esan nahi hemen esaten den guzti-guztia Diputazioak etorkizunean horrela egingo duenik, baizik eta ibilbidearen itsasargiak azaltzen dizkigula, eta etorkizunean, politikak egiterakoan, denborak, helburuak eta lehentasunak markatzeko bidea adieraziko digula». Ondorioen artetik, gizarte eragileen eta erakundeen arteko elkarlana eta adostasuna lantzeko beharra nabarmendu zuen, eta Diputazioa horrekin «erabat ados» dagoela esan.

Gizarte eragileen garrantzia hizpide izan zuen Sarasuak ere, «publiko eta pribatu bereizketa hutsetik» hainbat gauza ezin direla ulertu iritzita. «Ez dago bakarrik Estatua eta merkatua; gizarte antolatuaren logika bada beste logika bat, beste bi horiekiko osagarri, edo askotan kontraesanean, edo elkarlanean». Horregatik, kulturgintza eta euskalgintzaren errealitatean herrigintza antolatuaren gakoak ulertzea ezinbestekotzat jo zuen, eta ikerketaren emaitzak erakunde publikoei ez ezik eragileei begirakoak ere badirela zehaztu zuen. «Haientzat etxeko lan asko dago gure estrategia eta oinarrietan», azaldu zuenez, egin duten oinarrizko diagnostikoaren arabera, «euskal kulturgintzako eragileak ez daudelako artikulatuta, ezta sortuta ere kasu askotan». Arrakasta izan duten eragileak hirugarren alor hori artikulatu dutenak izan direla adierazi zuen, Bertsozale Elkartea adibide gisa jarrita.

Gizarteratze lana

Ikerketan material asko bildu dutela eta aurrera begira beste lan batzuetarako baliagarria izango zaiela adierazi zuen Arexolaleibak. «Uste dugu informazioa eta formazioa energia bilakatu behar ditugula, eta ikerketa hau material egokia izan daitekeela euskal kulturaren aurrerabidean arduratuta dagoen eta erantzukizuna duen jendearekin partekatzeko».

Aldundiak ikerketaren emaitzak gizarte eragile ororen esku jartzeko ahalegina egingo duela agindu zuen Aranburuk. Gaurtik hasiko dira horretan, Donostiako Koldo Mitxelenan bilduko baitira Gipuzkoa 2.0 Elkarlanean prozesuan parte hartu duten eragileak. Ikerketaren ondorioak sakon aurkeztu eta eztabaidatuko dituzte prozesuaren azken batzarrean, 18:30ean. Herritar ororentzat bilkura irekia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.