Opari bat herriarekin partekatuz

'Imanol, Mikel Laboa, Xabier Lete eta gu kantatzen' jaialdia egingo da Bilbon ekainaren 3an

Imanol Larzabal, Mikel Laboa eta Xabier Lete. IMANOL OTEG I ETA JON URBE/ ARP.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Imanol Larzabalek, Xabier Letek eta Mikel Laboak herriari «opari handi» bat egin ziotela iruditzen zaio Angel Mariezkurrena kultur dinamizatzaileari. Eta hark opari hori herriarekin berarekin partekatu nahi izan du. Hortaz, Imanol, Mikel Laboa, Xabier Lete eta gu kantatzen jaialdia antolatu du. Datorren ekainaren 3an egingo da Bilboko Euskalduna jauregian, 19:30ean hasita. «Baina Imanol, Lete eta Laboaren abestiez gain, euskal kantutegi tradizionaleko aleak ere abestuko dira», argitu du. Jaialdi «parte-hartzailea» eratzea izan da haren intentzioa, eta kantariekin, bertsolariekin, dantzariekin eta musikari talde batekin eman dio ideiari forma. Eta ikusleekin. «Haiek ere abestuko baitute».

Hiru «pertsonaia handi» horien kantak hartu ditu, eta jaialdirako ere haien izenak erabili ditu Mariezkurrenak. Halere, haren asmoa ez da izan «omenaldi bat» egitea. «Beharbada beste izen batzuk aukeratu nitzakeela? Baliteke... Nire esperientzia faltaren ondorio izan daitekeela? Posible da...».

Euskaldunan gorpuztuko denari buruz pentsatzen iazko abuztuan hasi zen. «Ez da erraza izan, ordea. Gainera, badakizu: gauza bat da amets bat edukitzea, eta beste bat, aldiz, hori betetzea». Formatuari dagokionez, jaialdiari «erritmoa» eman nahi izan dio: «pare bat orduko iraupena edukiko du gehienez, eta 24 kantu abestuko ditugu. Txema Garcesabestien moldatzaileari ere esan nion bizitasuna eman nahi niola ikuskizunari». Garces bera izango da taldeko baxu jotzailea. Baterian Hasiera Oleaga arituko da, pianoan Juantxo Zeberio, saxofoiarekin Mikel Andueza, gitarra jotzen Jose Ramon Mitxelena, biolinarekin Francisco Herrero, eta soinua jotzen Peio Brave, Xabi Brave eta Maider Zigaroa.

Mariezkurrenak jaialdiaren hasiera nolakoa izango den aurreratu du: «Unai Zabaleta aurkezleak kontzertuaren laburpen motz bat egingo du. Gero, Joseba Sagastibeltza dantzariak aurresku bat dantzatuko du, eta Aitor Mendiluzek eta Sustrai Colinak bertso labur batzuk kantatuko dituzte». Ondoren, Kattalin Indaburuk hiru «bertsio» abestuko ditu: Imanolen Zure tristura, Leteren Ez esan maite, eta Etxamendi eta Larralderen —joan den astean zendu zenaren— Ama zer duzu negarrez.

«Betikoa» ez egiteko saiakera

Bertsolariak eta dantzariak sartuta, «betikoa» ez egiten saiatu da Mariezkurrena. «Nik uste dut, gainera, berea emango diotela ikuskizunari. Bertsolariei, adibidez, eskatu diet ez daitezela zentratu hiru pertsonaietan. Kanta diezaiotela sentitzen duten horri». Dantzariak Sagastibeltza, Iker Urkiola, Miguel Olano, Andoni Zabaleta, Beñat Zabaleta eta Oian Alduntzin izango dira, eta ezpata dantza egingo dute.

Kantariak, berriz, Indaburu, Jaione Olazabal, Patxi Saiz, Niko Etxart, Amaia Riospeyrous, Alberto Zunzarren eta Patxi Mariezkurrena. «Jota bat ere abestuko dute euskaraz, eta a cappella ere arituko dira», nabarmendu du Mariezkurrenak. «Opari handi hori» partekatzeko deia egin nahi dio jendeari. Sarrerek 12 eta 30 euro bitarteko prezioa daukate.

«Urduri» dago Mariezkuerrena, ez dakielako jaialdiak zer-nolako erantzuna izango duen, baina badu eskarmentua halako ekimenak aurrera eramateko orduan; betiere, euskal kanta tradizionalaren inguruan gorpuztutakoak. Badira bederatzi urte, adibidez, Kantu Zaharren Eguna antolatzen duela. «Azken urteotan Dantxarinean (Nafarroa) egin izan dugu. Mahaiaren inguruan biltzen gara, eta abestu egiten dugu 14:00etatik 22:00ak arte. Garai bateko kantuak eta ohiturak berreskuratzea da nire helburuetako bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.