Kultura

Orain arteko txostenekin ezin da iruzurra egon denik esan, Eliseo Gilen arabera

Iruña-Veleiako zuzendari ohia Arabako Batzar Nagusietan agertu da gaur arratsaldean, eta berriro ere zalantzan jarri du batzorde zientifikoaren txostena; beste ikerketa bat eskatu du.

2009ko urtarrilaren 14a
19:04
Entzun
III. eta V. mendeen bitarteko euskarazko idazkunak faltsuak direla esateko arrazoi aski ez dagoela dio Eliseo Gilek. Iruña-Veleiako (Gasteiz) aztarnategi erromatarraren zuzendari ohia Arabako Batzar Nagusien aurrean agertu da gaur arratsaldean, azalpenak emateko. Batzorde zientifikoak egindako txostenaren fidagarritasuna zalantzan jarri du, eta baita beste ikerketa bat eskatu ere. Kanpoko ikerlari talde batek piezak bertatik bertara azter ditzala nahi du.

Adituek osatutako txostenaren ondorioak «partzialak eta zalantzagarriak» direla esan zuen Gilek aurretik ere, eta bide beretik jo du gaur. Batasun eza nabarmendu du. Gilen arabera, batzordeko 27 kideetatik lauk diote faltsuak direla, hiruk dataketa akatsak egon daitezkeela eta bik iradoki dute idazkunak ez direla benetakoak. Hori ez zaio froga aski iruditzen. Gainera, berak egindako txostenak ez dituztela aintzat hartu salatu du. Hipotesi guztiak ez dituztela kontuan hartzen.

Txostenean aipatzen denaren kontra, I. eta V. mendeen arteko gurutzeak eta sirenak egon badaudela esan du, eta adibide batzuk erakutsi ditu. Eta bere lan taldeaz ere mintzatu da Gil: lur jota dauela dio, oso minduta. Lan gabe geratzeaz gainera, euren ohorea eta profesionaltasuna auzitan jarri direlako. Euren irudia garbitzea espero du.

EiTBk gaur jakinarazi duenez, hainbat pieza hamar hilabetez gordeta eduki zituzten biltegi batean, "garbitu gabe. Sailkatu gabe eta aztertu gabe zeuden".2005ko maiatzean aurkitutako piezen berri 2006ko udaberrian eman ei zioten Joaquin Gorrotxategi hizkuntzalariari. "Adituen ustez, hori ez da ohiko prozedura". Julio Nuñez EHUko Arkeologia irakaslearen ustez ere Eliseo Gil eta bere taldeak hainbat prozedura akats egin zituzten indusketan.

Arabako Diputazioak salaketa jarri zuen Gasteizko Fiskaltzan Eliseo Gil arkeologoaren Lurmen enpresaren aurka. Iazko azaroaren 19ra arte enpresa horrek Iruña-Veleiako aztarnategia kudeatu zuen, harik eta Diputazioak baimena kendu zion arte, ustez iruzurra egiteagatik. Euskal hizkuntzalariak izan ziren aurkikuntzak faltsuak izan zitezkeela aipatu zuten lehenak; "susmagarriak" iruditu zitzaizkien hasieratik euskarazko idazkunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.