Lehendik ere jakinekoa zen aztarnategi oparo eta emankorra dela Irikaitz (Zestoa, Gipuzkoa), eta Aranzadi Zientzia Elkarteko arkeologoek joan den astelehenean egindako aurkikuntzak berretsi egin du Irikaitzen ospe hori. Oraingoan, duela 25.000 urteko zintzilikario bat agertu da, Goi Paleolitoko Gravette aldikoa, Iberiako Penintsulan aire librean inoiz aurkitutako zaharrena, Alvaro Arrizabalaga indusketen zuzendariak adierazi duenez.
Iberiako Penintsula osoan Irikaizkoaren garai bertsuko hogei zintzilikario inguru baino ez dira agertu orain arte, denak leize-zuloetan eta, kasurik gehienetan, maskorrez edo animalien letaginez eginak. Praileaitz leize-zuloan ere aurkitu zuten zintzilikario bat, baina duela 15.000 urtekoa, Goi Paleolitoko Madeleine aldikoa. Horregatik guztiagatik, «oso pozgarria» izan da aste honetako aurkikuntza indusketa lanetan ari den taldearentzat eta Aranzadi Zientzia Elkartearentzat .
Luzitazko uharri mehe landua da Irikaitzen agertu den zintzilikarioa, hamar zentimetro ingurukoa luzeran eta hiruzpalaukoa zabaleran. Muturretako batean zulo txiki bat du, lokarriren batetik-edo luzaz zintzilikatuta egon zela erakusten duena. Apaingarria izateaz gain, harrizko beste tresna batzuk zorrozteko eta konpontzeko ere erabili zuten zintzilikarioa. «Zintzilikarioak bi aldeetan dituen puntutxoak harrizko beste piezak zorrozteko erabiltzearen ondorioz sortutako markak dira», azaldu du Arrizabalagak.
Ez da zintzilikarioa izan Irikaitzen aurtengo udako indusketetan agertutako pieza interesgarri bakarra. Goi Paleolitoko Gravette aldiko gezi puntak, suharriak, zulakaitzak eta marruskak ere agertu dira, eta Behe Paleolitoko harrizko hainbat tresna, aizkoraren eta zerraren zeregina zutenak. «Egunero 40tik gora pieza biltzen dira. Belaunaldiz belaunaldi etorri izan da historiaurreko gizakia Irikaitzera, bai Behe Paleolitoan eta bai Goi Paleolitoko Gravette aldian ».
Harri bolkanikoak izatea da Urola ibaiaren berezitasunetako bat, eta uste dute hori izan zela Behe Paleolitoan hainbat giza taldek bolada luzeetan Irikaitzera urtero jotzeko motiboa. «Ia mirariz agertu diren hur erreen aztarnei esker, badakigu Behe Paleolitoan urrian etortzen zirela hona», zehaztu du Arrizabagalak. Horretaz gain, itxura guztien arabera, harrizko tresnak lantzeko lantegia ere hartu zuen Irikaitzek. Horren guztiaren ondorio da aztarnategiaren oparotasuna. «Talde txikietan biltzen ziren, hamabi ingurukoak; baina, urtero etortzearen ondorioz, kanpamentu handi baten antza hartzen du, arrastoei begiratuz gero».
Irikaizko aztarnategiak 80.000 metro koadro ditu, eta 1998an hasi zen Aranzadi bertan indusketa lanak egiten. Gizaki prehistorikoaren bi kokapenen arrastoak agertu izan dira bertan, «Paleolitokoak biak, baina oso desberdinak»: batetik, Behe Paleolitokoa, «benetako ondare balioa daukana»; bestetik, Goi Paleolitokoa. Behe Paleolitoko tresnak duela 250.000 urtekoak direla kalkulatzen da, eta ziurra da gutxien-gutxienez duela 150.000 urtekoak direla; tresna handiak dira, eta ez oso landuak, gertutik jasotako materialez eta teknologia zaharrez eginak. Goi Paleolitoari dagozkion tresnak, aldiz —aste honetan agertutako zintzilikarioa horien artean—, «gure espezie bereko gizakiek eginak dira», duela 25.000 urtekoak, Goi Paleolitoko Gravette aldikoak zehazki, «askoz ere finagoak eta garatuagoak», eta oso urrutitik ekarritako materiala erabiliz taxutuak kasu askotan.
Egungoen antzeko gizakiak
«Apainketa pertsonalaren inguruko ardura Neanderthal garaiaren amaiera aldean agertu zen lehenengoz, eta gure espezieko gizakia Europan agertzearekin batera gero eta ohikoagoa bihurtu zen horretarako joera», Arrizabalagak dioenez. Zintzilikarioaren garaiko gizakiak egungoen «oso antzekoak» ziren dagoeneko. «Duela 25.000 urteko pertsonen eta gure artean ez dago alde handirik, ezta duela 40.000 urtekoen eta gure artean ere. Gaur bezala, orduan ere denetarikoak izango ziren. Beste ingurune batean bizi ziren, bestelako ekonomia batekin, baina jokabideetan gure antzekoak ziren azken batean».
Hogei lagun inguru aritzen dira lanean Irikaitzen, hiru astez urtero. «Aurten, krisia dela eta, diru laguntza murriztu digute. Ondorioz, jende gutxiago dabil indusketetan, eta bi aste baino ez ditugu egingo lanean, hiru egin beharrean. Baina emaitza ona da, oso esker onekoa delako aztarnategi hau». EHUko eta Deustuko Unibertsitateko ikasleak dira indusketetan aritzen diren gehienak, baina atzerriko hainbat unibertsitatetatik etorriak ere badira.
Orain dela 25.000 urteko zintzilikario bat aurkitu dute Irikaitz aztarnategian
Iberiako Penintsulan aire librean agertutako zaharrena izateak interes berezia ematen dioApaingarri gisa erabiltzeko moldatutako harria da, baina beste tresna batzuk zorroztu eta konpontzeko ere baliatu zuten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu