Arte konbentzionala iraultzeko asmoz Europan bi mundu gerren arteko aldian sortu zen mugimenduetako bat izan zen dadaismoa. Arrazoiari, konbentzioei eta tradizioari uko egitea izan zen poeta, idazle, pintore eta, oro har, artista haien ezaugarri nagusia; bizimodu bihurtu zuten ezarritako ordena probokatzea, dadaismoa bera zalantzan jartzeraino. Berlinen, giro horretan mugitu zen Raoul Hausmann (Viena, 1886-Limoges, 1971), 1920ko eta 30eko hamarkadetan. Arte adierazpide berri gisa, collagea eta fotomuntatzea baliatu zituzten dadaistek, eta Hausmanni zor zaio argazki muntaketen bidez artea egiteko ideia. Haren 50 bat lan daude Zarauzko Photomuseumen (Gipuzkoa), Raoul Hausmann. Argazki-lanak. 1927tik 1957ra erakusketan, irailaren 11ra bitarte.
Vienan jaioa, pinturari emana hasi zuen bere ibilbide artistikoa Alemanian, estilo espresionista landuz. Laster ezagutu zituen dadaismoaren inguruan mugitzen ziren kideak, eta mugimendu haren gogoetetatik hurbildu zen argazkilaritzara. Artea egiteko bidetzat jo eta iraultza ekarri zuen. «Hannah Hoch eta Johannes Baaderrekin batera, fotomuntatzearen asmatzaile izatea aitortzen zaio», dio Ramon Serras Photomuseumeko arduradunak.
Hain zuzen, Hoch maitalearekin Baltikoan oporretan zela bururatu omen zitzaion artistari argazki zatiekin irudi osoak sortzeko ideia. 1927. urtea zen; horma batean hainbat kartel bata bestearen gainean jarrita ikusi zituen. Sortzen zuten irudi osoari erreparatu zion artistak. Irudi zatiekin collage bat sortu, eta hari argazkiak aterata hasi zen fotomuntatzeak egiten, edo negatiboak bata bestearen gainean jarrita, beste batzuetan. Ordutik buru-belarri murgildu zen argazkilaritzan, nahiz eta pintatzen eta idazten ere jarraitu zuen. Teknika berriari buruz eginiko gogoetak idatzi eta lanekin batera argitaratu zituen a bis z aldizkarian, 1930eko hamarkadan. Testuak eta fotomuntatzeen argazkiak jasotzen dituzten aldizkariaren hainbat ale jarri dituzte erakusketaren hasieran. Tartean dago Formdialektik der Fotografie (Argazkigintzaren dialektika formala), haren ikuspegi artistikoari, argazkilaritzari eta gizakiari buruzko saiakera.
«Argazkigintza arte gisa hartu zuen Hausmannek, eta horretan ere badu garrantzia. Ordura arte eztabaida zegoen, eta mugimendu honetako kideek hori hautsi zuten; artearen beste ikuspegi bat sortu zuten». Horren erakusle da Ombres (Itzalak, 1932) argazki seriea, erakusgelan aurrera egin ahala ikusgai dagoena. Zazpi argazkik osatzen dute bilduma, eta garai hartarako berritzailea zen ikuspegi batetik daude hartuta; goitik beherako perspektibatik, xehetasunak nabarmenduz, aurpegien erretratuen enkoadratzeak moztuz, argiekin jolas eginez... «Fotomuntatzea bere horretan sortu beharrean, serie moduan eraikitzen du oraingoan; bere pentsaeraren arabera, serie osoa, erakusketa bera da fotomuntatze bat ikuslearen buruan». Horren inguruan teorizatu zuen Hausmannek Argazkilaritza prozesu mental gisa idatzian, argazkien alboan jarri duten testuan.
Artea, arma politiko gisa
Alemaniara gerra hotsak iritsi ziren ondorengo urteetan. «Fotomuntatzeek eta collageek zuten indarraz konturatu zirenean, propaganda politikoa egiteko asko erabili zituzten», Serrak gogorarazi duenez. II. Mundu Gerran aritu ziren horretan hainbat artista, eta fotomuntatzeak indar handia hartu zuen garai hartan Alemanian. Salaketa politikorako baliatu zuen Hausmannek ere adierazpide berria, 1933an judua zelako herrialdetik ihes egin behar izan zuen arte. Eivissara (Balearrak) jo zuen lehenik, eta Pragara, Parisera eta Frantziako Limoges herrira ondoren.
Urte haietakoa da erakusketan dagoen beste argazki serieetako bat. Loreei ateratako argazkiekin bilduma bat osatu zuen, landareak xehetasun handiz erakutsiz. «Konposizio aldetik oso ondo eginak daude; bazekien zertan zebilen», Serraren ustez. Loreekin batera, hala ere, bestelako objektuak ere jaso zituen kamerarekin; Limogeseko zubia eta Eivissako etxe bat erretratatu zituen, besteren artean. Eskura zituen gauzak ageri dira bere argazkietan, sagar bat, sukaldeko tresna bat... «Artearen beste ikuspegi bat da jada, edozer gauza izan daitekeela artea, baina artistak hori nola irudikatu nahi duen jakinda». Natura da nagusi, esaterako, Baltikoko egonaldian ateratako irudietan, baita erretratuak ere. Hiru hamarkadatako argazkiak daude bilduman, 30eko urteetatik 50eko hamarkadara bitartekoak. Pareko horman, berriz, biluzik dagoen emakume bati ateratako bederatzi argazki daude.
1940ko eta 1950eko hamarkadetan fotocollagera itzuli zen. Aurreko urteetako argazkiekin osatu zuen jatorrizko collage bat eta zortzi fotomuntatze ikus daitezke erakusketaren amaieran. Haien osagarri gisa, Hausmannek ondutako hainbat liburu nahiz hari buruz idatzitakoak jarri dituzte. Argazkilaritzaren historiarako, 2.000 negatiboko eta 60tik gora testu utzi zituen ondare gisa fotomuntatzearen asmatzaileak.
Ordena zatikatu zuen artista
Fotomuntatzea asmatu izana aitortzen zaio Raoul Hausmanni; haren 50 bat lan ikusgai daude Photomuseumen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu