XVII. eta XVIII. mendeetako bizimodua orduko pertsonen oroitarrien bitartez ezagutzeko aukera dago Donostiako San Telmo museoan, Harrizko oroitarriengunean. 28 hilarriz osatuta dago, eta hiru solairuko altuera hartzen duen altzari handi batean ipini dituzte. Erakusgai dauden oroitarriak gehituta, guztira 133 hilarriren jabe da San Telmo museoa.
Erakusketari gehitu dioten espazioak "berebiziko garrantzia" dauka, Susana Soto museoko zuzendariaren ustez. "Hiriaren historia ezagutzeko aztarna handiak ematen dituzte oroitarriek". Areago, balio handiagoa hartu dutelakoan dago, 1813ko sutean hiriko artxiboa erabat erre zenetik. Lehenengo begiratuan, antzekoak dira hilarri guztiak, nahiz eta tartean apurtutako batzuk badiren. Hiru tokitatik ekarritakoak dira: bertako komentutik, Santa Maria eta San Vicente elizetako ikerketa arkeologikoetatik jasotakoak. 2009an zaharberritu eta aztertu zituzten Juan Carlos Mora, Miren Garcia eta Alfredo Moraza dokumentalistek.
Oroitarrietako idazkiek familia etxeari egiten diote erreferentzia. "Etxeak familiako negozioen nukleoa ziren, eta kideen abizenak ere hari lotutakoak izaten ziren. Inoiz etxetik aldatuz gero, abizena aldatu egiten zitzaien", azaldu du Mora dokumentalistak.
Ikusgai jarri dituzten oroitarrietatik zortzi sakon aztertu ditu Juan Carlos Mora dokumentalistak. Joan Arbelaitz, Bernarda Goikoetxea, Joan Perez de Agirre, Joan Antonio Zabaleta, Juan Martinez de Guarnizo, Joan Domingo Oiza, Joseph Carrion eta Bernardo Agirrerenak dira. Zortziak oinarri ekonomiko handia duten pertsonen artean kokatu ditu Morak. «Negozio asko zituzten, eta harreman estu eta onak, bai Donostia inguruetan, bai handik kanpo». Garai horretan harremanetarako beste modu bat bazela gogorarazi du. "Aurrez aurreko harremanak ziren nagusi orduan; beraz, jende kargudunarekin harremana izateko erraztasun handiagoak zituzten".
Morak ikertu dituen lagunek, hala ere, "harreman asko" zituzten. "Arbelaitzek, adibidez, harreman estua zuen Espainiako erregearen idazkariarekin". Negozio asko zituzten hirian bertan. Eskribauak, komertzialak eta lur jabeak izan ziren ofizioz ikertu dituenetako batzuk. "Lur jabeetako batek, esaterako, Urumea ibaiaren bi aldeetan sagarrondoak landatu zituen, eta handik ateratako sagardoa, gero, bidaia luzeetara zihoazen arrantzaleei saltzen zien", azaldu du Morak.
Sarean dagoen ikerketa lana
Arrantzaleen gisan, urrunera ere bidaiatzen zuten ikertutako lagunek, eta, kasu horretan, haien emazteak izaten ziren negozioak kudeatzen zituztenak. "Lauzpabost urte irauten zuten bidaia horiek, eta emazteen esku uzten zituzten negozio guztiak". Hala ere, gero oso gutxi izaten ziren negozio horien jabe, eta gutxiagotan haien alabak.
Zortzi lagunen bizitza eta bizimodua Miaka. Harrizko aurpegiak lanean bildu du Morak, eta sarean ere jarri du.