Zazpi urte eskas zituela hasi zituen musika ikasketak Oroitz Maizek (Gabiria, Gipuzkoa, 1983). Carlos Iturralde eta Miren Iñarga izan zituen akordeoi klasikoko lehen irakasle, Akordeoi Ikasketen Nazioarteko Zentroan. Armonia eta musikaren egiturak Madrilen ikasi zituen, Jesus Torresen gidaritzapean. Akordeoi ikasketak sakondu zituen Iñaki Alberdi irakasle eta sona handiko akordeoi jotzailea irakasle zuela, eta ganbera musikako ikasketak ere egin zituen Harry Sparnnay eta Charles Tunnellekin. Alemaniarako bidea hartu zuen ondoren, Stefan Hussong irakasle prestigiotsuarekin sakontzen jarraitzeko.
Euskal Herrian, Katalunian eta Espainian hamaika kontzertu eskaini zituen, baina baita mundu guztian barrena ere: Portugal, Alemania, Frantzia, Italia, Kanada, Egipto. Bilboko Euskalduna jauregian, Bartzelonako Liceu antzokian, Madrilgo Auditoriumean eta Bartzelonakoan aritua zen, besteak beste. Bakarlari moduan aritu zen Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin, Liceukoarekin, Bartzelona eta Kataluniakoarekin, Fabien Gabel, Sebastian Weigle, Yasuaki Itakura eta Enest Martinez Izquierdo zuzendari zirela.
Musika konpositoreekin elkarlanean ere aritu zen, Joan Riera, German Moreno eta Xao Chingekin, adibidez, eta hamaika lehiaketa irabazi zituen. Hedabide askotarako egin zituen grabaketak, halaber: ETB, Catalunya Radio, Radio Nacional de España, BTV....
Larunbat gauez afaltzen ari zela janaria eztarrian trabatu eta koma egoeran sartu zen, istripuari buelta eman ezinda. Atzo zendu zen.