Ortzadar musikatua

Jon Arretxek '7 Kolore' liburua berrargitaratu du, musikaz eta ilustrazio berriz lagunduta

gorka erostarbe leunda
Donostia
2010eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Jende askok esan izan omen dio bere bidaia libururik onena dela. Berak, aldiz, onena den ez dakiela dio, baina bai «oso berezia, estimatua eta sentimenduz betea». Hala ere, zerbait falta zitzaiola pentsatu izan du idatzi zuenetik. Zerbait hori musika da. Baina azkenean lortu du buruan zuen «ametsa» betetzea, jatorrizko lana argitaratu zenetik ia hamar urte igaro direnean. 7 Kolore disko-liburua argitaratu du Erein argitaletxearekin, duela hamar urte argitaraturiko liburua zazpi kanturekin eta ilustrazio berriekin osatuta.

Munduan barrena egindako hamaika bidaiatan bizi izandako esperientzietatik abiatuta idatzi zuen Jon Arretxek (Basauri, Bizkaia, 1963) 7 Kolore liburua (Elkar, 2000). Zazpi atal zituen lan hark, koloreka sailkatuak, eta kolore bakoitza sentimendu bati loturik: beltza, grisa, horia, gorria, berdea, urdina eta zuria.

Ortzadarra erabat osaturik ikusteko musikaren falta sentitzen zuen Arretxek. Eta, horretarako, Francisco Ibañez Irribarriamusikariarengana jo zuen, Gasteizko Jesus Guridi Kontserbatoriotik ezagutzen baitzuen: «Musika sortzeko konpositore ona behar nuen, ni ikasle nintzen Gasteizko Kontserbatorioan, eta bera zuzendaria zen. Berari proposatu nion kolore bakoitzarekin pieza bat sor zezala, piano eta ahotserako. Animatu zen, eta egin zuen. Izugarrizko lana egin du. Uste dut bete-betean asmatu duela kolore bakoitzaren sentimendua islatzen». Liburuko testu bakoitzean oinarrituriko zazpi kantuen hitzak Arretxek berak idatzi zituen, eta handik lortu zuen inspirazioa Ibañez Irribarriak. Arreta berezia eskatzen duen musika da, Arretxeren hitzetan. «Ez da musika erraza edo komertziala. Beste era batera entzun behar da musika hau, hitzak ondo dastatuz...».

Francisco Ibañez 1984tik da Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioko irakaslea, eta 1997-2006ko tartean bertako zuzendari izan zen. «Oso modu bitalean egin dugu lan, eta niretzat oso aberasgarria izan da. Musika kultua da sortu dudana. Schumman, Schubert edota Escuderoren oihartzuna duten piezak dira.Ezin du edozeinek kantatu, baina nik banekien nork kantatu behar zuen, eta bakoitzaren ezaugarriak ere kontuan izan ditut». Zazpi piezen partiturak ere biltzen ditu lan berriak.

Behin musika izanik, zazpi pieza horiek jo eta kantatuko zituztenak behar zituen Arretxek, eta horretarako ere ezagutzen zuen jendearen konfiantza «baliatu» zuen. Iñaki Belasko piano jotzaileak jo zuen pianoa grabazio saioetan. Gaur egun piano laguntzaile eta errepertorista da Bilboko Kontserbatorioko kantuko eskolan. Kantariak Olaitz Saitua sopranoa, Enrique Campos tenorra eta Jon Arretxe bera, ahots baxu modura, izan dira.

Arretxeren idazle jarduna ezaguna da, baina bestelako trebetasun artistikorik ere badu; musikan esaterako. Pianoko ikasketak Bilboko Kontserbatorioan egin zituen, eta kantukoak Gasteizko eta Bilboko Kontserbatorioetan. Besteak beste, Ainhoa Merzero eta Olatz Saitua izan zituen irakasle. Gaur egun, Ricardo Visus irakaslearen hobekuntza eskolak jasotzen ditu.

Zuriari eta beltzari dagozkien kantuak abestu ditu Arretxek. «Beltzak eta zuriak, hurrenez hurren, ibilbidearen hasiera eta amaiera markatzen dute, eta agerian uzten dute zein desberdina den heriotzaren ikuspegia kultura batean edo beste batean: bidearen amaiera iluna Mendebaldean, edo beste argi bateranzko abiapuntua Ekialdean». Grisari (esperantzarik eza) eta urdinari (harmonia) dagozkionak Olatz Saituak kantatu ditu. Horiari (argia eta zorotasuna) eta berdeari (esperantza) dagozkionak, berriz, Enrique Camposek. Zazpigarren pieza, gorriari eskainitakoa, hirurek batera kantatu dute.

Irudi berriak

Grabazioa Sinkro Records estudioan egin zuten, Ignacio Monterrubioren zuzendaritzapean, eta piano jotzaileak eta kantariak batera ari zirela. «Zuzenean grabatzea bezala izan da ia-ia». Hain zuzen ere, zuzeneko emanaldiak egiteko asmoa du Arretxek, grabaketan lagun izan dituen musikari eta kantariekin. Aurrenekoa Hondarribiko Zuloaga aretoan egingo dute (Gipuzkoa), abenduaren 18an.

Musika ez da 7 Kolore-ren bertsio osatuak dakarren berrikuntza bakarra. Cristina Fernandezek egin zituen jatorrizkorako irudiak, eta lan berrikoak ere berak egin ditu, baina beste modu batean lan eginez, teknika digitalak eta eskuzkoak nahastuz: «Zirriborroak eskuz egin ditut. Ondoren, apur bat txukundu eta eskaneatu, eta gero ordenagailuarekin askatasuna duzu nahi bezala lantzeko».

Euskaraz ez ezik, gaztelaniaz ere plazaratu dute liburua, Jose Luis Padronen jatorrizko itzulpenarekin. Euskarazko testuak Arretxek berak berrikusi eta moldatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.