Literatura. Pasarte hautatua. Josef Skvorecky

'Osaba Kohn'

2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Osaba Kohn aberatsa zen eta zorioneko bizitza zuen. Autoa zuen, Hadimrska modeloko Tatra markakoa, eta ia astero etortzen zitzaigun etxera, gure aita maite zuen eta. Aita eta biok haren enkontrura joaten ginen, eta gehienetan hiritik aski urruti aurkitzen genuen, jadanik iluna zenean, eta berak erreflektoreen argitan aise ezagutzen gintuen beti. Aurrena horizontean argia agertzen: muinoaren hegalpeko bestaldean errepidea biratu ahala zerua bizkor zeharkatu, eta gero kono zuri batean harrapatzen gintuen, ukabilean

bezala. Zeharo itsutzen nintzen beti, eta izeba ez nuen ondo ikusten, musu samur eta belusezkoa eman eta eskuan bonboi-poltsatxo bat estutzen zidanean. Haren ahoari usain gozoa zerion beti, bizi-bizi pintatu ohi zuen eta.

Horren beharrik ere ez zeukan, bestela ere oso ederra zen eta. Baina horrela are ederragoa. Osaba Kohnek baino hogei urte gutxiago zituen, alaia zen eta futbolaz senarra baino are zoratuagoa. Behin Prahara eraan ninduten, nazioarteko partidu batera, eta izebak iskanbila ederra antolatu zuen, arbitroak huts egin eta penaltia adierazi baitzuen Sparta taldearen kontra, eta izebak euritakoaz atzerritar bat jo zuen buruan, penaltiaz poztu zelako. Orduan poliziak atxilotu egin gintuen, baina berehala askatu gintuzten. Osabari, ordea, zerbait kostatu zitzaion, nonbait.

Osaba fitxateken bitartekaria zen. Prahan autozerbitzu moduko jatetxe handi bat zuen, baina hain zen alferra, non jatetxea errentan utzi, eta jabe-lanari ekin zion. Eta hala, gogait ez egiteko, bitartekari lanetan aritzen zen. Arratsaldero Paris izeneko kafetxean eseri, atzerriko egunkariak irakurri, urrezko fitatik erre eta, beste bitartekari batzuekin, jokalarien salerosketan jarduten zuen. Gustukoak zituen juduen pasadizoak, bera judua zen eta. Eta gustatzen zitzaion jendeari amarru xumeekin adarra jotzea; adibidez, erakusleihorako bonboi gomazkoak eskaintzea, edonori hortzak apurtzeko modukoak. Edo barruan petardoak zituzten zigarroak: zigarro erdia erreta zegoenean, petardoak sudurpean txinpartaka hasten ziren. Edo intsignia arranditsua paparrean zeramala agertzen zen, eta inork galdetzen zionean zer zuen hura, paparra aurpegian jartzen zion eta aurpegia urez blai uzten zion, zeren intsigniak azpian gomazko bixikatxo bat baitzeukan, eta bixikatxoa estutzen zuenean, ura intsigniatik zurrustadan irteten zen, galdegilea zipriztinduz.

IPUINA (HASIERA)

Jatorrizko hizkuntza: txekiera.

Itzultzailea: Karlos Cid Abasolo.

Argitaletxea: Alberdania.

Argitarapen urtea: 1996.

Aurkezpena: Hilaren 3an hil zen Josef Skvorecky txekiar idazlea. II. Mundu Gerraren garaiko pasadizoetan oinarrituta idatzi zuen Hoskej Svet bildumako ipuinak, Karlos Cid Abasolok Mundu mingotsa liburuan euskaratua. Liburu horretako aurreneko ipuina da Osaba Kohn.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.