Askotariko jomugak izan ditu Klasikoen Irakurraldi Jarraituak hamahiru urtetan. Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatzen du egitasmoa, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, eta helburu zehatz batekin hautatu dituzte urtero irakurri beharreko testuak. Axularren Gero-rekin hasi zuten ibilbidea, eta euskal literaturako beste hainbat testu klasiko eta garaikide hautatu izan dituzte ondoren; itzulpengintzari ere tartea eskaini zioten Franz Kafkaren Metamorfosia lanarekin, eta, 2020an, Mariasun Landaren ipuin hautaketa batekin aldarrikatu zuten haur literatura. Hamalaugarren aldiz egingo dute ekinbidea, baina, hala ere, aurtengoa mugarria izango dela adierazi du Jon Maguregi Bilbo Zaharra euskaltegiko zuzendariak goizeko aurkezpen prentsaurrekoan; «hasiera berria» irudikatzea xede, euskal literaturaren hasierara jo dute, hain justu: Bernart Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae irakurriko dute berrehun bat lagunek ostegunean, 8:00etatik 14:00etara bitarte, Bilboko Arriaga antzokiko foyerrean.
Euskal literaturako lehen obra idatziaren bertsio bat leituko dute ahoz goran, Xabier Amurizak moldatutakoa: zehazki, obraren ahapaldi «ustez onenak» aukeratu ditu idazleak, azaldu duenez, eta horiek euskara batura ekarri ditu, «kantatuak eta deklamatuak» izateko estiloan. «Beti Etxepareren estiloa errespetatuz, gustura entzuteko moduan eman dut obra». Maguregik nabarmendu duenez, egitasmoaren aldi guztietan «bidelagun berezia» izan dute, irakurriko duten obraren autorea bera, ahal izan denetan. Oraingo honetan ezinezkoa zenez, Linguae Vasconum Primitiae-k jasotzen dituen «herri poemetatik hurbilen» dagoen idazlea nor izan zitekeen hausnartu, eta moldaketa Amurizari egokitzea deliberatu zuten.
Gaurtik etzira, hitzaldiak
Osteguneko irakurraldiaz gain, hiru hitzaldi ere antolatu ditu Bilbo Zaharra euskaltegiak, Etxepareren obra hizpide izango dutenak; gaurtik etzira egingo dituzte, guztiak 19:00etan, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Tere Irastorza eta Aingeru Epaltza arituko dira gaur, Koldo Izagirreren txanda izango da bihar, eta, etzi, Xabier Amurizak azalduko du nola moldatu duen klasikoa, eta xehetasunak emango ditu lanaren formaz eta edukiaz.