Jorge Oteiza eskulturgileak 1985ean Donostiarako diseinatu zuen hilerriari buruzko azterketak egin dituzte Ana Arnaiz, Jabier Elorriaga, Xabier Laka eta Jabier Moreno EHUko eskultura irakasleek, eta Oteiza Fundazioak eta Kutxak '261141 Izarrak Alde' liburuan bildu dituzte.
Oteizaren proposamena lehiatzera ere ez zen iritsi, atzera bota zutelako, baina haren proiektuak eskulturaren eta hiriaren eta haren memoriaren arteko ikur asko biltzen zituela esan dute, "Oteizaren pentsamendu metafisikoa ulertzeko oinarrizkoak".
Liburuan proiektuari buruzko dokumentazio eta irudi asko dago, horietako batzuk orain arte ezezagunak, eta artistaren bi testu ere jaso dituzte. Ametzagañan jartzekoa zen hilerri hori, eta liburuan zergatik ez zuten lehian onartu ere azaldu dute. Horrek Oteizaren haserrea eragin zuen.