Hutsik dago, kasik, Txomin Badiolak (Bilbo, 1957) Bilboko erdigunean duen estudioa. Oteizaren eragina da; Oteizaren hutsunea. 2008az geroztik ari da Badiola Orioko artistaren lan osoaren katalogo arrazoitua egiten, eta ezin izan da sorkuntza lanean aritu. Badiola da, izan ere, Oteizaren lanaren aditu nagusia, eta maiz tokatu zaio haren lana berreskuratzea, aldarrikatzea eta zaintzea. Baita harekin hautsi eta haren ondorengo euskal artearen nondik norakoak markatzen saiatzea ere. Bukatu berria du katalogoa, eta lan monumental hori amaituta, pixkanaka-pixkanaka hasi da bere sorkuntzan berriz ere. Liberazio moduko batez mintzo da. «Oraingoan bai, akabo guztiz Oteizarekikoak». Ez da halakorik esaten duen lehen aldia, baina oraingoan behin betiko dela dio.
Barea da haren hizketa, ordenatua haren diskurtsoa. Eta halakoa da Pello Irazu artista eta lagunarekin partekatzen duen estudioa ere: txukuna eta garbia. Gauza bakoitzak bere lekua du. Etxabe bat da haren lantokia, eta eraikineko bizilagun guztien ur hodiak pasatzen dira bertatik. Hori da sorkuntza lanetan dabilela atzean entzuten den hotsa. Berak, jadanik, igarri ere ez du egiten. Espazio huts handia eta mahai bat, gainean hainbat irudirekin. Ondoan aulki bat, gainean Jacques Ranciere pentsalariaren estetika eta politikari buruzko liburu bat duela, eta zenbait aldizkari. Ez gehiago. Hori da Badiolak sortzeko behar duena. Hori eta denbora.
Denbora, nagusiki. Trantsizio unea baita hau, izan ere, Badiolarentzat: Oteizaren osteko garaiaren hasiera edo. Baina gertuegi dago oraindik eskultoreari buruz egin duen lana, haren aipamenik gabe mintzo ahal izateko. Eta, hala, bere arte sorkuntzei buruzkoetatik Oteizaren lanei buruzkoetara saltoka doa bere hizketaldian. Desintoxikazio gisako batean baitabil oraintxe Badiola. «Urte eta erdiko Oteizaren intentsiboaren ondoren, tentazioa izan nuen zoro baten pare estudioan sartzeko. Baina berehala ohartu nintzen hori absurdua zela. Errutina berreskuratzea zen garrantzitsuena, eta ez zen komeni gauzak behartzea. Ohartu nintzen hemen egotea zela garrantzitsuena. Estudioan zortzi orduz ezer egin gabe egotea. Paretei begira. Hori da modu bakarra berriz ere sorkuntzan sartu ahal izateko. Ezin nuen burua intentsitate handiko ekintza batetik intentsitate handiko beste ekintza batera pasatu. Denbora eman behar nien gauzei, eta horixe egin dut». Itxaroten bezala pasatzen du denbora, beraz:itxarote aktiboan.
Lan metodoa azaldu du gero, mitifikaziorako tentazioa erabat baztertuta. «Sekula ez naiz aspertzen. Hori dut alde. Egon naiteke horma bati begira, eta ez naiz aspertuko. Hori da ona. Bestela, hau jasangaitza izango litzateke. Begira pasatu dut azken hilabetea. Eseri egiten naiz liburu batekin, zutitzen naiz, piezaren zatiren bat mugitzen dut, begiratzen dut, esertzen naiz, irakurtzen dut...».
Bideoa, argazkigintza eta eskultura, denak lantzen ditu Badiolak, baina eskultorea dela dio berak. Eta eskultorea da; hiru dimentsiotan ulertzen du mundua. Eskultorea da, baina zerrautsik ez dago haren estudioan, zizelik ere ez. «Eskulturak mutazio asko izan ditu azken hamarkadetan», dio. Bere burua «likidatu» egin duela diziplinak, eta beste zerbait bilakatu dela. Izandakoaz bestelakoa da eskultura egun, eta bestelakoak dira, beraz, tresnak ere. Argazkiak darabiltza mahai gainean, itsasgarria, liburuak, ordenagailua ... eta bazter batean, erdi lotsatuta edo, mailu bat ere bai. «Bai, mailu bat ere bai», dio txantxetan. «Disimulatzeko».
Inteligentzia berdintasuna
Aritzea eta egotea. Antzekoak dira biak Badiolarentzat. Egonean dagoenetan ere, egote aktiboa baita harena. Hala sortzen du berak. «Murgildu egin behar izaten naiz zeinuen munduan. Hor egonda, jadanik lanean ari naiz, eta gero benetan obra bat lantzen hasten naizenean, ez dut uste bi faseen artean alde handirik egon beharko lukeenik. Zeinu eta irudien zoramenean murgilduta egotetik ekintzara ez dut nik alde handirik ikusten. Jarraipen bat dago baten eta bestearen artean».
Esperientzia da haren lanen helburua, eta horren arabera ulertzen du artea. Baita hala praktikatu ere: topaketa gisa. «Badira sortu aurretik diskurtso bat daukaten obrak, baina ni beti egon naiz arte mota horren kontra. Arte horretara heldu ahal izateko diskurtso bat eskatzen duen arte mota horren aurka. Arte batek haren aurreko jakintza bat eskatzen duenean, ez zait batere interesatzen. Artea esperientzia da funtsean. Hori da gakoa. Berez antzemanezina den zerbaiti aurre egiten saiatzea da haren funtsa. Horrekin egin behar du lan artistak. Ez nago artea kontsumo gisa ulertzearen alde; artea irudi kontsumo soiltzat ulertzearen alde. Nik uste dut arteak balio duela esperientziak izateko, eta, beraz, pertsona gisa garatzen joan ahal izateko. Hori egin ahal izateko formazio bat eskatzen bazaizu, oztopo bat jartzen zaio kate horri». Kontua ere ez da, ordea, dena xehe-xehe ematea, inolaz ere ez. Berdintasun presuntzioa eskatzen du Badiolak: artistaren eta ikuslearen inteligentzien arteko berdintasun presuntzioa.
Dioenez, artearen ideia horrekin soilik egin ahal izan dio aurre Oteizaren katalogo arrazoituari. «Izen handiko hainbat kritikariri ere eskaini zioten lan hori Oteiza museoko arduradunek, baina ezetz esan zuten denek. Logikoa da. Oteizaren kasuan, halako katalogoak egiteko ohiko parametroak irauli egiten direlako. Ez dute balio. Salbuespen etengabea da Oteiza. Salbuespena haren sorkuntzan, haren artearen benetako helburuei buruzko gogoetetan, artearen eta gizartearen loturari buruzko gogoetetan... Sortzailearen ikuspuntutik ez bada, akademiarenetik ia ezinezkoa da Oteizaren lana arrazoitzea. Ni neu ere artista naizelako izan da posible katalogoa egitea. Bestela, ia ezinezkoa zatekeen».
Lurrikara neurtzeko tresnak hausten dituen lurrikararen parekoa da Oteiza, Badiolak dioenez. Hala, tresna propioak asmatu behar izan ditu Oteizaren neurriko katalogoa egin ahal izateko. Kronologiaz bestelakoak, piezen originaltasunarenez bestelakoak, egiletzaz bestelakoak... «Akademiko batek Oteizari ohiko parametroak aplikatuko balizkio, munstro bat izango litzateke emaitza. Bizitza kopiak egiten pasatu duen artista munstro bat. Artista komertzial bat ere bai. Baina, noski, ez da halako ezer. Artista bat behar da Oteizarenaren gisako sorkuntza bat ulertzeko». Oteiza bat behar da Oteiza ulertzeko, nolabait ere.
Lan handia ere bada, dioenez, Oteiza Oteizaz salbatzea. «70eko hamarkadan kritikariek irri egiten zioten Oteizari. Bere mitoak irentsi zuen. Beti zegoen prentsan eta medioetan kexuka, eta mitoak gora egin ahala, Oteiza eskultorea itzalean gelditu zen. Haren eskultura anekdota bilakatu zen. 80ko hamarkadan erronka pertsonaltzat hartu nuen artista bere mitoaren iluntasunetik ateratzeko beharra. Horregatik eskaini nion 1988an atzera begirako bat Madrilen». Horren ondoren, Londresera eta New Yorkera joan zen. «Hamar urtez ibili nintzen kanpoan, eta ez nuen berriz ikusi».
Oteizaren zama
Oteiza pertsona eta Oteiza eskultorea bereizten ditu Badiolak. Eta eskultorearen maila da berak nabarmentzen duena. Hori izan zen Madrilen antolatu zuen Oteizari buruzko erakusketarekin aldarrikatu nahi izan zuena. Eskultorea jarri nahi izan zuen berriz ere, mitoaren gainetik, eta hari eskainitako orain arteko erakusketa garrantzitsuenetariko bat antolatu zuen. Hori lortu zuenean, libre sentitu zen. Aske ikusi zuen bere burua, eta Londresera joan zen. «Oteizak urteak zeramatzan porrotean murgilduta, eta ez zuen jakin arrakasta nola kudeatu. Hori ikusita, alde egitea erabaki nuen».
Baina ez zen hor bukatu bien artekoa. Oteiza hil zenean, presioa sumatu zuen inguruan Badiolak. Oteizari buruzko erakusketa bat prestatzeko eskatu zioten behin eta berriz, eta berak ezetz erantzun arren, lana bere gain hartu zuen, azkenean, Margit Rowellekin batera. Haren ondoren, berriz ere, aske ikusi zuen Badiolak bere burua. «Orain bai», pentsatu zuen, «listo Oteizarekikoak». Baina gero katalogoa heldu zen. Estutu egin zuen inguruak berriz, eta egin egin du, azkenean. Libre dela dio orain ere. Libre, hirugarrenez. «1988an bukatu nituen nik Oteizarekikoak. Ondorengo erakusketa eta katalogoa karga ikaragarria izan dira niretzat. Zama bat. Jendeak ardura eskatu dit etengabe, eta astuna izan da niretzat. Baina oraingoan bai, katalogoarekin bai; libre. Listo Oteizarekikoak. Guztiz akabo». Sorkuntzara buelta.
Desira da, dioenez, bere kasuan sorkuntzaren motorra. Zerbait egiteko gogoa. Konplikatua da, ordea, zerbait zehatz horretara heltzea, eta, horregatik, bultzada hori kudeatzeko sistema propioa du Badiolak. «Zerbait egin nahi dut, adibidez, baina ezinezkoa da desira pizten didan objektu horretara zuzenean heltzea. Hala balitz, ez legoke interesik sorkuntza prozesuan. Zerbait lortzean, bukatu egiten baita desira». Tranpa moduko bat egiten dio bere buruari, beraz. Pieza batekin hastean traiziorako prestatzen du bere burua Badiolak.
Traizioaren beharra
«Nik badakit zerbait egin nahi dudala diodanean, ez dela zehazki hori egin nahi dudana, baizik eta oraindik zer den ez dakidan zerbait. Beharrezkoa dut, ordea, lehen amu hori. Hala, zerbait egin behar dudala diodanean, traizio baten preludio bat baino ez da. Ibil dadin, astoari aurrean jartzen zaion azenarioa. Nik, noski, hasierako zerbait hori desio banu bezala jokatu behar dut. Horregatik, irmo mintzo naiz nire hurrengo lana honi buruzko izango dela diodanean, edo ez dakit zer gai jorratuko dudala diodanean. Gauzak oso argi banitu bezala, baina nik badakit hori ez dela egia. Teknika hutsa da. Badakit egin nahi dudala diodan hori egiten hasi bezain pronto traizionatuko dudala. Traizionatu behar dudala».
Fikziozko emaitza baten bila abiatzen da Badiola, beraz, sorkuntza prozesuan murgiltzen denean, ezagutzen ez duen beste zerbait horretara heltzeko. Makulu moduko bat da, sekula lortuko ez duen asmo bat. Hori da desiraren giltza; nahi dena ez lortzea. «Eta etengabe desio egoera horretan sentitzea da artearen funtsa». Eta hau da bere desira kudeatzeko modua: egunero estudio erdi hutsera joatea, aulkian esertzea, piezaren zatiren bat mugitzea, zerbait irakurtzea, berriz esertzea... Egotea, aritzea beste. Aktiboki egotea.
Artista bere estudioan (II). Txomin Badiola
Oteizarekin borrokan
Jorge Oteizaren lan guztien katalogo arrazoitua egiten ibili da orain dela gutxira arte, eta erdi hutsik du horregatik Txomin Badiola artistak Bilboko bere estudioa. Pixkanaka dabil orain oriotarra atzean utzi eta bere sorkuntzan lanera bueltatzen. Trantsizio unea da hau Badiolarentzat, eta baita haren estudioarentzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu