DONOSTIAKO 68. MUSIKA HAMABOSTALDIA.

'Otello' opera, eta Txaikovski eta Straussen lanak izango dira aurtengo azkenak

Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoak hiru emanaldi egingo ditu Donostiako Orfeoiarekin

BEñAT ZAMALLOA DONOSTIA
2007ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoaren hiru emanaldi izango dira Donostiako Musika Hamabostaldiaren azken txanpan, irailaren 4an amaituko baita. Hiru emanaldietako egitaraua ez da bera izango. Giusseppe Verdiren Otello operaren kontzertua interpretatuko dute birritan, irailaren 1ean eta 4an. Giuseppe Verdiren Otello-ren emankizunak Koloniako Irratiko Abesbatzarekin, Donostiako Orfeoiarekin eta Orfeoi Txikiarekin batera interpretatuko ditu Kursaaleko auditoriumean, 19:00etan. Beste emanaldian, irailaren 3koan, Donostiako Orfeoiarekin eta Orfeoi Txikiarekin, Richar Straussen eta Piotr Ilitx Txaikovskiren obra bana eskainiko dute. Igor Txetuev ukrainarra izango da pianista kontzertu horretan. Kursaaleko auditoriumean izango da hori ere, 19:00etan. Bi emankizunak Semion Bytxkov errusiarrak zuzenduko ditu.

Giuseppe Verdi musikagilearen drama lirikoa da Otello, 1887an estreinatu zen, Milango La Salan. Lau ekitaldiz osatuta dago. Zipreko portu batean gertatzen da istorioa, XV. mendean. Veneziako gobernaria eta Veneziaren Zipreko ordezkaria da Otello. Otellok Cassio izendatzen du kapitain Jago beharrean, hori dela eta, Jagok mendekua egiten dio Otellori. Emazteak Cassiorekin engainatzen duela sinestarazten dio. Jeloskortasunak Otello hondamendira eta patu ankerrera eramango du.

AHOTSA ETA ORKESTRA, BATERA. Johan Botha tenorrak interpretatuko du Otello, Nuccia Focilek Desdemona, Carlo Guelfik Jago, Tiziana Tramontik Emilia, Paul Charles Clarkek Cassio eta Alfred Walkerrek Lodovico. Abeslarien lana bezain garrantzitsua da Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoaren lana Semion Bytxkov zuzendariaren iritziz: «Jende askok uste du Lerdi ahotsen musikagilea izan zela, eta askotan uste da orkestra ahotsen laguntza soila dela. Ez nago ados. Verdik ahotsen eta orkestraren bateratzea landu zuen, ez bata, ez bestea protagonista izan gabe. Gure kasuan ere horrela da».

Straussen lanak izango dira nagusi Koloniako Irratiko Orkestra Sinfonikoaren beste emanaldian. Lehen zatian, Straussen Till Eulenspiegelen bihurrikeria dibertigarriak olerki sinfonikoa eta Txaikovskiren Pianorako eta orkestrarako 1. kontzertua si bemol minorren (opus 23) interpretatuko dituzte; bigarrenean, berriz, Straussen Alpeetako sinfonia. Azken hori, 1915eko urriaren 28an estreinatu zen, Berlingo Filarmonikoan, Strauss bera zuzendari zela. Alpeetan girotutako lana da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.