Igandean BERRIA-n

Oztopoz betetako bidea

Emakume artistek gizonezkoek baino aukera gutxiago dute beren ibilbide profesionala garatzeko, ikerketa batek agerian utzi duenez.

Susana Talayeroren 'Kronika geldiezina' erakusketa Bilboko Arte Ederren museoan, iaz. MONIKA DEL VALLE, ARGAZKI PRESS
Ainhoa Sarasola.
2017ko abenduaren 22a
15:44
Entzun

Ezagutzen al duzu Eulalia Abaitua? Eta Abigail Lazkoz? Entzunak ote dituzu inoiz Menchu Gal, Itziar Okariz, Esther Ferrer eta Azucena Vieites artisten izenak? Eta Adelina Moya, Begoña Zubero, June Crespo, Susana Talayero eta Cristina Iglesiasenak? Jeinua, sormena izatea ote da artista izateko beharrezko baldintza bakarra? Ideia mitifikatu bat izan daiteke hori, datuek frogatzen dutenez, baldintzapen sozial ugarik eragiten baitute artista izaterako bidean. Eta baldintzapen horien artean, generoarena ere hor dago. Emakumeen presentzia ikusizko arteetan eta ikus-entzunezkoetan izenburupean, auziaren gaineko ikerketa egin du Kulturaren Euskal Behatokiak. Helburua: emakumeek kulturan zer presentzia eta parte hartze duten jakitea —bi arlo horietan, zehazki—, eta egoera orekatzeko esku-hartze proposamenak egitea. Artearen esparruari dagokionean, Behatokiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datu estatistikoak aztertu zituen, eta datuok interpretatzeko eskatu zion Haizea Barcenilla arte irakasle, ikertzaile eta kritikariari.

Emakume sortzaileek artearen munduan bizi duten egoeraren argazki bat osatzeko, adituarengana jo du BERRIAk ere. Artista baten ibilbidea zehazten duten mailak aztertu ditu ikerlariak: hezkuntzatik hasi eta, ekoizpenetarako laguntzak, sariak, eta legitimazioa dakarten erakusketa eta bildumetaraino. Eta atera duen lehen ondorioa argia da: "Emakumeentzat Arte Ederrak ikastea erraza den bitartean, profesionalizatzeko bidean gizonek baino zailtasun handiagoak topatzen dituzte, eta hauek esponentzialki igotzen dira legitimazioa lortzeaz hitz egiten dugunean". Gaia lantzen duen erreportajea heldu den igandean irakurri ahal izango da BERRIAn Nasan gehigarrian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.