Pablo Antoñana idazle eta artikulugilea (Viana, Nafarroa; 1927) atzo zendu zen Iruñeko bere etxean, gaixotasun luze baten ondorioz. Abenduan bihotzeko ebakuntza egin zioten, eta, geroztik, behera egin zuen haren osasunak. Hiru hilabete egon zen ospitalean, Zainketa Intentsiboetako Unitatean, eta handik etxera bidali zuten. Antoñanaren gorputzak ez du indarrik izan ebakuntzaren ondorioak gainditzeko. Idazlearen gorpua Iruñeko Iratxe beilategian dago eta bihar erraustu egingo dute. Idazleari omenaldi herrikoia prestatzen ari dira, asteazkenean egin dezakete hori.
Eusko Ikaskuntzako kidea zen Antoñana. 1996an Vianako printzea saria jaso zuen eta 2007an Manuel Irujo saria, besteak beste. Frankismo garaian, euskal kulturaren alde lan handia egin zuen idazleak, baita ondorengo urteetan ere. Gazteleraz idazten zuen, nahiz eta Asisko Urmeneta marrazkilariarekin euskara ikasten aritutakoa izan. Euskal Herriko literaturan oso estimatua zen, eta idazleengan eragina izan zuen bere idazteko moduagatik. Literaturarekiko konpromiso argia eta etikoa zuen, baita hura idazteko moduan ere. XX. mendearen bigarren erdialdeko idazle nafar garrantzitsuena izan zen. Zuzenbide ikasketak zituen.
Euskal Herrian izandako eztabaidekin oso konprometitua zen. Komunikabideen itxieraren aurkako agertu zen hainbatetan, Egunkaria-ren kasuan esaterako. Kausa progresisten aldekoa zen. Ezagutu zutenek kontsekuentea zela diote. Bere obra, bere familia eta bere kultura izan ziren beti idazlearen ardatz nagusiak, eta haiekiko konpromisoari eutsi zion beti. Beti izan zen bere obretan asmatutako Ioar Errepublikarekiko leial.
Miguel Sanchez Ostiz idazle nafarrak adierazi zuen, Antoñanaren literatura "diferentea" zela. "Errealismo sozialaren aldean oso bestelakoa zen harena. Haren prosak ez du zerikusirik horrekin, nahiz eta maiz gertaera errealak kontatzen dituen". 2001ean Antoñanari buruzko Libertad sin cargos izeneko jardunaldiak egin zituzten Donostian eta bertan Sanchez Ostizek hau nabarmendu zuen: "Batik bat, bere etxe barruko deskripzioak atsegin ditut. Ikaragarri ongi deskribatzen du gauzetan gelditu den bizia; gelditu den oroimena".
Antoñanaren bibliografia
Luzea da Vianako idazlearen bibliografia, eta ugariak jaso dituen sariak. Hogei urterekin hasi zen Amanecer egunkarian idazten, Domingo astekarian ere aritu zen.
Liburu ugari argitaratu ditu ordutik: No estamos solos (Sesamo saria), El tiempo no está con nosotros (Donostia Hiria saria), La cuerda rota (Nadal sarian finalista); hauek biak hirurogeigarren hamarkadakoak dira, baina azken urte hauetan ere ugari idatzi ditu: Memoria, divagación, periodismo eta Último viaje y otras fábulas beste askoren artean. Garako Mugalari gehigarrian, Diario de Navarra-n, Navarra Hoy-n eta Diario de Noticias-en ere idatzi zuen.
literatura
Pablo Antoñana idazlea hil da
Eusko Ikaskuntzako kidea zen. Frankismo garaian, euskal kulturaren alde lan handia egin zuen idazleak, baita ondorengo urteetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu