[Youtube]http://youtu.be/BTi73nrm54E[/Youtube]
Mexikon hil da De Lucia, Algecirasko Udalak (Espainia) jakinarazi duenez —han jaioa zen—. Benetako izenez Francisco Sanchez Gomez, 1947an jaio zen, eta flamenko musikaren ikono izatera iritsi da. Gaztetatik hasi zen gitarra jotzen, eta 14 urte betetzerako argitaratu zuen lehen diskoa.
Flamenkoari eutsiz, nazioarteko hainbat musikarekin elkarlanean jardun zuen De Luciak; besteak beste, John McLaughlin, Larry Coryell eta Bryan Adamsekin. Chick Corea jazz pianistarekin hainbat bira egin zituen, baita diskoak grabatu ere. Europaz gainera, Japonia eta Ipar Amerika ezagutu zituen.
Hala ere, Camaron de la Islak izan zuen eragin handien harengan —hamar disko baino gehiago grabatu zituzten elkarrekin—.
1972an, El duende flamenco kaleratu zuen. Hurrengo urtean izugarrizko arrakasta izan zuen Fuente y caudal diskoko Entre dos aguas abestiak. Abesti hura mundu osoko rock eta jazz musikagileen gustukoa izan zen, eta 1976. urtetik aurrera Europako antzoki nagusietako ateak zabaldu zizkion.