Paisaia, basilika barnera

Lucio Muñoz pintorea omenduko dute larunbatean, Arantzazun, hark eginiko absidearen 50. urteurrenean

Ezkerretik eskuinera, Iñaki Beristain frantziskotarra, Mari Cruz Gordoa Arantzazuko Adiskideak elkarteko kidea eta Juan Biain Arantzazu Gaur fundazioaren ordezkaria. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Jorge Oteizak egin zuen frontisa, Eduardo Txillidak sarrerako ate nagusiak, Nestor Basterretxeak kriptako muralak, Xavier Alvarez de Eulatek beirateak, eta Xabier Egañak kaperatxoko pinturak. Arantzazuko basilika berriko absidea, ostera, Lucio Muñoz pintorearen lana da, zehazki orain 50 urte amaitutakoa. Urteurrenaren karietara, artista madrildarra omenduko dute larunbatean, Arantzazun; jaialdian ehunka lagun biltzea espero dute.

Iñaki Beristain frantziskotarrak azaldu duenez, Lucio Muñozek estreinakoz Oñatitik santutegirainoko bidea egin zuenean, inguruak hain eragin zion inpresio handia, ezen esan baitzuen: «Nik paisaia hau barrura sartu behar dut». Eta horrela sortu zuen «XX. mendeko arte sakratuko obrarik handienetakoa». Beristaien ustez, Muñozen artea ez da azalpenak ematen ibiltzekoa, ikusi eta gozatzekoa baino. Hala ere, ausartu da obraren analisi txiki bat egiten: «Elementu figuratibo bakarra elorria da, arantza. Enbor bat ikusten da argi eta garbi, eta gero adarrak abside guztira zabaltzen dira. Margoekin ere jokatzen du; okreak, marroixkak, ilunagoak erabiltzen ditu azpialdean, beheko gaitzaren indarra azaldu nahi balu bezala, eta Andre Mariarengana hurbildu ahala, eta handik gora, koloreak argitu egiten dira. Borroka, ezina eta lehortea nagusi ziren Euskal Herri hartara bakea ekarri zuen Mariak». Gisa berean, nabarmendu du absidean tankera zeharo desberdina izaten duela, goizean ala atsaldean begiratzen zaion. Denetan harrigarriena, baina, hauxe iruditzen zaio: ama birjinaren irudia, 36 zentimetrokoa soilik izanagatik, zein argi bereizten den absidearen handitasunean. «Arantzazuko obra handia da absidea, Oteiza eta konpainia gutxietsi gabe. Magia arnasten da airean».

Larunbatean, goizetik hasiko dituzte artista omentzeko ekitaldiak. Gandiaga topagunean, 10:30ean, mahai inguru batean parte hartuko dute Antonio Lopez eta Julio Lopez Hernandez artistek eta Rodrigo Muñoz Lucioren semeak. Segidan, 12:30ean, Miguel Angel Alonso arkitektoak absidearen irakurketa egingo du basilikan, Esteban Elizondo organo jotzailearen kontzertuaren aurretik. Aipatutakoez gain, Muñozen irudiari loturiko besteekintza batzuk ere antolatu dituzte. Lehena, pintura azkarreko lehiaketa bat, larunbatean bertan egingo dena. Nahi duen orok eman dezake izena, eta hiru kategoria bereizi dituzte: helduena (16 urtetik gorakoena), gazteena (12 eta 16 urte bitartekoena) eta umeena (11 urtera artekoena). Lehiakideek Arantzazuko santutegiko edozein bazter, paisaia edo monumentu margotu ahal izango dute, eta teknika librea baliatuz sortutako lan bakarra aurkeztu.

Zigilatzea eta izen ematea Gandiaga topagunean egingo dira 10:00etatik 12:00etara, eta margolan denak 17:00ak baino lehenago entregatu beharko dira. Goizeko mahai inguruan arituek osatuko dute epaimahaia, Lopezek, Lopez Hernandezek eta Rodrigo Muñozek, eta haiek erabakiko dute saria nori eman. Helduen kategorian, diplomez gain, irabazleak 1.500 euro jasoko ditu, bigarrenak 750 euro, eta hirugarrenak 400 euro. Gazteen eta haurren kategorietako irabazleek, berriz, pintura materialen sorta bana eskuratuko dute.

Ale monografikoa okasiorako

Arantzazu aldizkariak, ostera,ale monografikoa prestatu du okasiorako. Bertan topa daitezke Muñozen biografia, lan estiloei eta baliabideei buruzko azalpen laburra, pentsamenduaren inguruko zenbait aipu, absidearen deskribapena eta esanahia, Arantzazuko esperientziaren berri ematen duten lau testigantza eta beste hainbat kontu.

Azkenik, antolatzaileek jakinarazi dute jardunaldietara joango direnek ezinbestekoa dutela aurrez jakinaraztea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.