Pantaila Globala proiektuak parte hartzeko gune birtual bat sortu du

San Telmo museoak eta CCCB zentroak egingo duten erakusketa batean ikusi ahal izango dira parte hartzaileen lanak

Andres Hispano, San Telmo museoko zuzendari Susana Soto eta Jaume Badia. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
«Bisitarien liburutik erakusgeletako paretetara pasatu nahi dugu, eta horretarako iniziatiba izatera gonbidatzen ditugu bisitariak. Hala, erakusketa irekitzen den egunean harremanetan egongo dira komisarioen lanak eta parte hartzaileenak». Hala eman du Pantaila Globala proiektuaren berri Jaume Badiak, CCCB Bartzelonako Kultura Garaikidearen Zentroko zuzendariordeak. Donostiako San Telmo museoa eta biak elkarrekin lantzen ari diren proiektua da, pantailek egunerokoan duten eraginaren inguruan. Ekimenaren lehen atala aurkeztu zuten atzo Donostian: plataforma birtuala.

Hurrengo urtean zabalduko dute Pantaila Globala erakusketa. Aurretik, ordea, plataforma birtual bat prestatu dute, edonork bere ekarpenak egin ditzan (http://pantallaglobal.cccb.org/eu/). Erakusketako gaietako bati lotuta egon beharko dute parte hartzaileek egindako ikus-entzunezkoek, hau da, historia, politika, kirola, publizitatea, gehiegitasuna, zaintza edo jokoa jorratu beharko dute. Horrekin batera, erakusketako komisarioek euren lanetan planteatutako galderei erantzun bat eman beharko diete. Ikus-entzunezko bakoitzak, gainera, gehienez bi minutu iraun beharko du. Bideoak bidaltzeko aukera ez ezik, hainbat adituk proiektuaren inguruanzer iritzi duten jakiteko aukera ere ematen du webguneak, horretarako egokitu duten blog batean.

Atarian jarritako lanek mundu birtualetik haratago heltzeko aukera izango dute 2012ko urtarrilaren 24tik aurrera, orduan izango baita erakusketaren aurkezpena. Bertan, parez pare izango dira parte hartzaileen lanak eta erakusketako komisarioek prestatutakoak. Horretarako, 150 metro luzeko bi pantaila jarriko dituzte bata bestearen aurrean, «eremua eta kontraeremua». Erakusketa CCCB zentroan ikusi ahal izango da lehenik; Donostiara, berriz, udan helduko da.

Irudien eragina

Gilles Lipovetsky eta Jean Serroyren L'écran global liburua dago proiektuaren oinarrian. Bi horiek izango dira, Andres Hispanorekin batera, erakusketako komisarioak. Hispanok azaldu duenez, «ikuspegi kritikoa» eman diete euren lanei, eta gogoeta egitera bultzatu nahi dituzte bisitariak. Horretaz gain, pantailen funtzioa eta eragina denborarekin nola aldatu den azaldu du: «Gehiegi fidatu gara irudiez, eta batzuetan garrantzizko gertaerek garrantzi gutxiago izan dute horiek erakusteko irudirik egon ez delako». Mende batetik bestera ere badago saltoa: «Historiari dagokion atalean, esaterako, XX. mendea irudikatu dugu, mende horretan giltzarri izan ziren irudien bidez. XXI. mendean gauzak aldatu egin dira: Osama Bin Ladenen heriotza ulertu dugu, hori erakusten duen irudirik ikusi gabe».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.