Donostiako 63. Nazioarteko Zinemaldia hasteko lau egun falta direnean, antolatzaileek epaimahai ofiziala osatuko duten pertsonen izenak jakinarazi dituzte.
Epaimahaiko presidentea Paprika Steen aktorea izango da. 2014. urtean emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen Donostiako Zinemaldian, Bille August-en Stille hjerte (Silent Heart) filmean egindako lanari esker. Filmean, hiru belaunaldi amaren desira betetzeko elkartzen dira: gaixorik da ama, eta hil egin nahi du.
Steenekin batera, epaimahaikide izango dira Nandita Das aktore eta zuzendaria, Daniel Monzon zuzendaria, Hernan Musaluppi eta Julie Salvador ekoizleak, Uberto Pasolini zuzendari eta ekoizlea eta Luciano Tovolo argazki zuzendaria, Donostiako Zinemaldiak jakinarazi duenez.
Sarrera salmentak, gora
Antolakuntzak adierazi du atzo gaueko bederatziak arte Zinemaldiko saioetarako 60.000 bat sarrera saldu direla, igandean bertan salgai jarri zirenetik. 2014ko egun bereko 21:00ak arte baino 3.553 sarrera gehiago saldu dira, eta salmenta "arin" doala esan du antolakuntzak.
Horrela, aurretiazko salmentan saio askotarako sarrerak jada amaitu dira, eta, besteak beste, Asier Altunaren Amama, Cesc Gay zuzendariaren Truman eta Jean-Marie eta Arnaud Larrieu zinemagileen 21 Nuits avec Pattie filmetarako sarrerak izan dira bukatzen lehenak.