Uda honetan Steven Spielbergek jasoko duen bigarren omenaldi zinematografikoa da Super 8. Greg Mottolak Paul-ekin egin berri duen antzera, J.J. Abrams ere Spielbergen lanetan oinarritu da bere proiektu berrian. 1979. urtean girotu du istorioa, zientzia fikzio generoko film bat da eta gaztetxo talde bat da protagonista. Ez al dira izan horiek urte luzez zuzendari ezagunaren ezaugarri nagusietako batzuk? Horiek horrela, ez da harritzekoa Spielbergek ekoizle lanak bere gain hartu izana.
Pelikulak ulertzeko eta egiteko modu bat berreskuratu nahi izan du Super 8-k. Gaur egun erabiltzen diren efektu berezi ikusgarriak bainoago, egunerokotasunaren eta harrigarriaren arteko mugan arakatu nahi izan du. Erreferentzia hurbilak nahiko argiak dira, denek baitute Spielbergekin zerikusirik: Close Encounters of the Third Kind (1978), E.T. (1983), Gremlins (1984) eta War of the Worlds, baita Amazing Stories telesaila ere.
Hain zuzen ere, J.J. Abrams zuzendaria telebistan egin dituen lanengatik egin da ezagun, eta hainbaten ustez «Spielberg berria» da. Felicity, Alias eta Fringe-ren sortzailea izan da, baina batez ere Lost telesailak eman dio mundu mailako ospea. Telebistaz gain, pantaila handian ere hainbat saio egin ditu Abramsek: Mission: Imposible III eta azken Star Trek.
Aktore gazte eta ezezagunak
Ekoizle lanetan, berriz, orain dela hiru urte Cloverfield egin zuen, Matt Reevesek zuzendu zuena. Film horrek Super 8-rekin hainbat lotura ditu, gehienbat istorioa emateko moduan. Izan ere, bietan zuzendariarena ez den kamera batek berebiziko protagonismoa du. Cloverfield-en, festa bateko grabazioak ziren; Super 8-n, berriz, gazte talde bat grabatzen ari den pelikula.
Azken urteotan trikimailu oso erabilia izan da hori. Egunerokoan mota guztietako kamera txikien ugaltzea isla izaten ari da zinemagintzan, eta hainbat zuzendarik baliabide artistiko gisa erabili izan dute. Hor dira, besteak beste, Brian de Palmak Redacted-en Irakeko gerra kontatzeko erabili zuen modua, edo Rec-ek (Jaume Ballaguero eta Paco Plaza, 2007) beldurrezko generoari eman zion ikuspegi berritzailea.
Ohioko herrixka batean gertatzen da Super 8-ko istorioa. 1979ko uda da, eta herriko lagun talde batek zonbiei buruzko film bat egin nahi du, etxeko kamerak erabilita. Zeregin horretan hasi eta halako batean, tren istripu baten lekuko izanen dira. Berehala deskubrituko dute ez dela istripu bat izan eta trenak sekretu militarrak gordetzen zituen garraio bat dela. Hortik aurrera, hainbat gauza misteriotsu hasiko dira gertatzen herrian, eta Jack Lamb sheriff-aren laguntza izanen dute gertatzen ari dena argitzeko.
Spielbergi gustatzen zaion bezala, aktore gazte eta ezezagunak dira Super 8-ko protagonista nagusiak. Horien artean Elle Fanning gazteak du esperientziarik handien. Besteak beste, Somewhere (Sofia Coppola, 2010), The Curious Case of Benjamin Button (David Fincher, 2008) eta Babel (Alejandro Gonzalez Iñarritu, 2006) pelikuletan hartu du parte. Dena den, honakoa da protagonista lanetan duen lehen rola.
'SUPER 8'
Zuzendaria: J.J. Abrams.
Aktoreak: Elle Fanning, Amanda Michalka, Kyle Chandler, Ron Eldard, Noah Emmerich, Gabriel Basso.
Herrialdea: AEB.
Urtea: 2011.
Iraupena: 112 minutu.
Estreinaldia: Hurrengo asteazkenean, abuztuaren 3an, Ipar Euskal Herrian; abuztuaren 19an Hego Euskal Herrian.
Zinema. Estreinaldiak
Pelikula bat errealitate bihurtuta
80ko hamarkadako zientzia fikzio generoa du oinarri J.J. Abramsek zuzendu eta Steven Spielbergek ekoitzitako 'Super 8' filmakKamera amateur batekin grabatutako irudiek pisu handia dute istorioa kontatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu