Antzerkia

Pentsatu, eta esaten ez direnak

'Etxeko saltsak' antzezlana estreinatuko du Txalo Produkzioak konpainiak hilaren 18an, Donostian. Bi bikoteren arteko gorabeherak eta hainbat sekretu ditu ardatz komediak. Bideoa: Antzezlanaren nondik-norakoak (BerriaTB). [youtube]https://youtu.be/2ToIhvbkW8E[/youtube]

Maialen Unanue
2017ko abuztuaren 14a
11:00
Entzun

«Orain bai: egun on». Urnietako (Gipuzkoa) Sarobe antzoki ondoko tabernan kafe dosia hartu, eta lanerako prest iritsi dira Aitziber Garmendia, Ane Gabarain eta Aitor Fernandino aktoreak. «Zortea da antzoki batean entseatu ahal izatea», dio Garmendiak. «[Mikel] Laskurain geroago etortzekoa da». Begoña Bilbaoren gidaritzapean, antzezlan berria dute esku artean: Etxeko saltsak. Hilaren 18an estreinatuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean, eta 19an eta 20an ere emango dute.

Alan Ayckbournen Relativity speaking lana moldatu dute Txalo Produkzioek. Hiruzpalau aste daramatzate lanean, eta azken egunotan hasi dira entseatzen eszenografia eta guzti. Jatorrizko testua dezente moztu dute dagoeneko, bestela luze joko lukeelako, baina moldatzen jarraitzen dute. Ikusleen aldean, borobilean eserita, testua gainbegiratzen ari dira aktoreak eta zuzendaria, eta are gehiago moztu dute lehenengo eszena.

«Begoña, zer iruditzen?», esan du jantzien arduradunak. Soineko bat probatu dio Gabaraini, eta zuzendariaren iritzia jakin nahi du. Ez du guztiz konbentzitu Gabarain: «Traba bakarra ikusten diot: zuria da». Handik bost minutura itzuli da aktorea, soineko berde-urdinxka batekin. Iritsi berri da Laskurain: «Nik lepokoren bat jarriko nioke». Traje dotore bat jarri diote hari, gentleman ingelesen pare; janztearekin batera aldatu zaio jarrera: «Zer, zure gustukoa naiz?». «Ezin hobeto zaude», zuzendariak.

Akordio bati esker, Saroben entsea dezakete, antzerkiaren jendaurreko entsegua bertan egitearen truke. Bigarren eguna dute han, bigarren eguna eszenografia eta guzti entseatzeko aukera dutena. Orain arte, lurrean itsatsitako zintekin irudikatzen zituzten espazioak. Antzokian egonda, moldaketak egin behar izaten dituzte, Laskurainek azaldu duenez: «Hasieran, 'a, sukaldeak ate bat dauka' edo 'jo, ze urrun dagoen atzeko aldea...', pentsatu nuen. Han izkinako mahaia ez zegoen orduan, baina behar dugu gauzak uzten joateko...».

Pertsonaiak ulertzen

Oraintsu arte testuak buruz ikasten aritu dira: pertsonaiak ulertzeko garaian dira orain. «Phillipek barrutik sekulakoak pentsatzen dihardu, baina ingelesa da, eta, oso edukatuak direnez, 'zer moduz zaude?' eta 'pozte naiz zu ikusteaz' esaten du», azaldu du Laskurainek, aurpegian irribarre behartu bat marraztuz. «Kontentzio hori lantzen ari naiz orain. Baina lotsagabe bat da Phillip: emaztea, amorantea...».

Endreduzko komedia bat da Etxeko saltsak, ordu eta erdikoa. «Bi bikote dira: bat gaztea; bestea, heldua. Hasieran, bikote gaztearen harremana ikusten da, eta gero nahastuz doa bikote helduarekin», azaldu du Garmendiak. Esaten dutenaren bikoitza ezkutatzen dute pertsonaiek, ordea. «Lauretako inork ez daki egia berdaderoa zein den. Uste dut publikoak pentsatuko duela: 'Ama, ama, enteratu egingo da!'». Gabarainek azaldu duenez, vaudeville bat da antzezlana, egitura klasikoa duena: «Gauza batzuk gertatzen dira, gaizki-ulertu batzuk... Azkenerako, izugarrizko kaka nahastea sortzen da, eta oso egoera dibertigarriak».

Pentsatu bai baina esaten ez diren gauzek pisu handiagoa dute, Gabarainek iradoki duenez. «Obrak hipokrisiaz hitz egiten du: denak saiatzen gara, nolabait, erakusarazten bizimodu nahiko idilikoa, eta funtsean ez da horrela. Kaka nahaste handiak daude, zikinkeria handia dago, eta modu komiko batean erakusten du hori antzezlan honek». Sheila du izena haren pertsonaiak: 40-50 urteen bueltan dabil, eta Phillipen emaztea da. «Nire ustez, lau pertsonaien artetik bera da inteligenteena: besteak hor dabiltza beren burua salbatu nahian, baina Sheilak denak harrapatzen ditu».

Testua mozteaz gain, pixka bat moldatu ere egin dute, Garmendiak azaldu duenez: «Umore ingelesa oso pausatua da; beste tempo bat dauka: hemen beste erritmo bat daukagu». Londresen kokatua dago obra, baina Euskal Herrira gerturatzen saiatu dira, Gabarainen esanetan: «Londres inguruko etxe batean gertatzen da, eta hori argi gelditzen da obran, baina gu saiatzen gara hori erabiltzen umorea egiteko, ahaztu gabe euskaldunak garela ingelesak izatera jolasten».

Emanaldi gehiago

Urtean pare bat komedia egiten ahalegintzen da Txalo Produkzioak etxea, Bilbaok azaldu duenez. Kasu honetan, gainera, Garmendia, Gabarain, Laskurain eta Fernandino elkarrekin lanean aritzea nahi zuten: «Zaila da komedia onak topatzea, eta, kasu honetan, aktore horiek parte hartzea nahi genuen». Azken egokitzeak egiten ari dira egunotan. Testuan egin dituzten moldaketak garrantzitsutzat dauzka, publikoari begira: «Beharbada, garai batean, komedia batek iraun zezakeen bi ordu, baina gaur egun ezin da ordu eta erditik pasatu».

Jendaurreko entsegua asteazkenean egingo dute, Urnietako Sarobe antzokian, 19:30ean. Hiru saio egingo dituzte gero Donostiako Antzoki Zaharrean, hilaren 18tik 20ra. Oraingoz, beste hiru lotuta dauzkate udazkenerako, Gipuzkoan: urriaren 6an Aretxabaletan, azaroaren 11n Azpeitian, eta azaroaren 25ean Hondarribian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.