Martin Grubinger. Perkusio jotzailea

«Perkusioa menderatzeko, gogor landu behar dira gorputza eta adimena»

Munduan gehien laudatutako perkusio jotzaileetako bat da Martin Grubinger, oso gaztea izan arren. Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin lehen aldiz arituko da, eta Avner Dormanen 'Frozen in Time' joko du.

GARI GARAIALDE / ARP.
Ane Urrutikoetxea.
Donostia
2012ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Wolfgang Amadeus Mozarten antzera, jaio zenetik musikaz inguratuta bizi izan da Martin Grubinger perkusio jotzaile austriarra (1983, Salzburgo). Aita izan zuen lehen irakaslea, eta haurtzaroko jostailuak danborrak eta makilak izan zituen. Gaztea izan arren, orkestra nabarmenekin jotzen du, eta munduko perkusio jotzaile onenetakoa izatera iritsi da. Aldi berean mila gauza egin ditzakeela ematen du: egunero orduak ematen ditu perkusioa jotzen, eta urtean 110 kontzertu ere egin ditzake.

Avner Dormanen Frozen in Time obra joko du gaur Bilbon, bihar Donostian, 17an Iruñean eta 18an Gasteizen. EOS Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin joko duen lehen aldia da. Horrekin batera, EOSek Michael Finnissyren Zortziko eta Johannes Brahmsen 4. sinfonia joko ditu, orkestraren 30. urteurrena ospatzeko.

Hain gaztea izanda ere, munduko perkusio jotzaile onenetakoa izatea lortu duzu. Nola iritsi zara hain azkar maila horretara?

Perkusioarekin jaio nintzela esan daiteke. Bi edo hiru urte nituenean hasi nintzen jotzen, oso gazte, eta aita izan zen nire lehen irakaslea. Betidanik eskura eduki ditut instrumentuak, eta, beraz, hizkuntza bat ikastea bezala izan da niretzat. Beti jakin dut perkusioa nire instrumentua dela. Horrez gain, oso irakasle onak izan ditut Linzeko Bruckner kontserbatorioan.

Erraza izan al da hain urrutira iristea?

Musikaria izatea lan gogorra da. Diziplina handia eduki behar da. Onartu beharra daukat txikitan futbol jokalaria izatearekin amets egiten nuela, baina austriarra naiz, eta argi ikusi nuen nirea musika zela, eta ez futbola.Hamahiru urte nituenean, nire lagunak jolastera joateko deika etortzen zitzaizkidan, eta nik beti ezetz esan behar izaten nien, ikasten jarraitu behar nuelako. Baina, benetan maite baduzu musika, merezi du.

Dormanen Frozen in Timezuk estreinatu zenuen, 2007an, eta orain arte zu izan zara obra jo duen bakarra. Zaila al da?

Dormanen obrak zailtasun ugari ditu. Lehenik eta behin, obra buruz ikasi behar izan dut, agertokian etengabe mugitzen nabilelako. Bigarrenik, hogei bat instrumentu jotzen ditut obra horretan, eta, beraz, oso azkar ibili behar dut. Eta hori guztia, zuzendariaren keinuak eta orkestraren erritmoa ahaztu gabe. Ispilu bat ere erabiltzen dut, zuzendariaren aginduei etengabe jarraitzeko. Beraz, gauza asko menderatu behar dira aldi berean.

Eta nola prestatzen zara halako kontzertua egiteko?

Gorputza eta adimena gogor landu behar dira. Alde batetik, obrak eskatzen duena bete behar da, hau da, fraseatzea, alde musikala, dinamikak, estiloa... Eta, bestetik, fisikoki gogor entrenatu behar da, oso nekagarria delako obra hau jotzea. Red Bullek kiroldegi bat dauka Salzburgon, eta hara joaten naiz hilero, entrenatzeko eta azterketa medikoak egiteko.

Musika klasikoan ez da ohikoa perkusioaren bakarsaio bat aurkitzea, baina Dormanek espresuki zuretzat idatzi zuen obra hau. Oso lotuta zaudete?

Dorman 2006an ezagutu nuen, eta oso lagunak egin ginen. Obra hau niretzat idatz zezan eskatu nion, eta ordutik hona, 40 bat aldiz jo dut. Oso pieza polita da, eta jendeak harrera ona egin dio. Obra espresuki niretzat idatzi zuenez, lanarekin ezkonduta nagoela sentitzen dut. Musika klasikoa garaikide bihurtzen den heinean, perkusioak indar hartu du. Oraindik agertokiaren atzean dago, baina geroz eta garrantzi handiagoa hartu du.

Zer moduz konpondu zara EOSekin obra lantzeko orduan?

Hasieran pixka bat urduri nengoen, ez nituelako ezagutzen musikariak, eta garrantzitsua da musikariekin bat egitea obra honetan. Baina orkestra oso ona da, eta elkar ulertzea lortu dugu. Batez ere bigarren mugimenduan, nire eta orkestraren arteko lotura erabatekoa izan da, Andres Orozco-Estrada zuzendariaren lan apartari esker. Bestalde, obrak perkusio talde bat ere badauka agertoki atzean, nire zatiari indarra emanez, eta horrek boteretsu sentiarazi nau.

Zein leku du perkusioak musika klasikoan?

Gaur egun musika klasikoak gazte jendea erakarri nahi du, baina ez da erraza. Dena den, Europa erdialdean oso maitatua da perkusioa, eta, beraz, instrumentu hau bide bat izan daiteke musika klasikoa publiko mota guztientzat gozagarri bihurtzeko. Gazteek gauza berriak deskubritzea gustuko dute, eta perkusioa etengabe eraberrituz doan instrumentu bat da. Horrez gain, perkusioa klasikotik kanpo ere erabiltzen da, kultura anitzekoa da. Afrikako erritmoetan dago, baita funkean, fusioan, salsan eta musika garaikidean ere. Gaur egun multikulturalismoa ezin errazagoa da, sare sozialek eta garraiobideek alde batetik bestera kultura partekatzea errazten dutelako. XXI. mendeko instrumentua da perkusioa.

Ez da ohikoa musikariek beretzat egindako obrak izatea. Zeure kabuz zerbait sortu al duzu?

Bai, pieza txikiak idatzi ditut, baina ez naiz oso ona. Nahiago dut musikagileekin hitz egin eta nire ideiak haien laguntzarekin landu. Zorte handia daukat. Izan ere, ezinezkoa da Mozarti edo Brahmsi zuretzat obra bat idatz dezaten eskatzea. Baina perkusioa lantzen duten konpositore gehienak garaikideak dira, eta, beraz, haiekin harremanetan egotea ohore bat da.

Ia bost mila instrumentuk osatzen dute perkusioa. Denak menderatzea al da zure etorkizuneko helburua?

Egia esan, marimba da denetan zailena, hamabost urte behar baitira profesionalki menderatzeko. Proiektu asko dauzkat orkestra ugarirekin, Europan, Japonian eta AEBetan. Dena den, nire helburu nagusia musika egiten jarraitzea eta etengabe gauza berriak sortzea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.