Picasso, grabatuetan bizirik

Artistak hainbat euskarri eta teknikatan egindako 70 lan jarri dituzte Bilboko BBK aretoan

Pablo Picassok 1922tik 1971ra bitartean egindako 70 lanek osatzen dute Picasso grabatzailea erakusketa. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Pablo Picasso margolari espainiarraren (Malaga, 1881-1973) «lagun arteko harreman intimoaren lekukotza» gisa aurkeztu dute Picasso grabatzailea erakusketa. «Ez da grabatze tekniken lekukotza soila, bere lagunekiko harreman fidelaren erakusketa da», esan du Martine Soria erakusketako komisarioak. Mota askotako teknikak biltzen dituen grabatuen sorta maiatzera arte egongo da erakusgai Bilboko BBK aretoan.

Bilduma 1922tik 1971ra egindako 70 lanek osatzen dute. Horien artean daude liburuetarako egindako marrazkiak, zeramika erakusketa iragartzen duten afixak eta emakume zein gizonei egindako erretratuak.

Soriaren arabera, hautatutako adibideen bitartez Picassok eraaskotako teknikak erabiltzeko egin zuen lana indartzea dute xede. «Estanpak, kasu; gutxietsiak zeuden adierazpideei bidea ireki zien», nabarmendu du.

Soriaren iritziz, grabatuak baliabidez aberastu zituen Picassok: «Ilustratzeko eremu guztiak probatu izateagatik da garrantzitsua erakusketa, testuen ilustrazioa barne». Horren adibide dira literaturarako ekoitzi zituen 154 ilustrazioak. Los toros de Picasso liburuan (1961), esaterako, lau litografia daude. Hala ere, adituen esanetan, 70.000 lan egin zituen teknika «denak» erabiliz. «Horien herena, 20.000, marrazkiak dira», adierazi du komisarioak.

Obren artean buztinaren gainean egindako ilustrazioak, linoleoz burututako irudiak eta litografiak begizta daitezke. Baina badira teknika ezohikoagoak ere. 1937an burututako Vollarden erretratuak, esaterako, azukrearen eta bernizaren arteko nahasketaz osatutako tinta darama.

Euskarriei dagokienez, aniztasuna da nagusi. Nola literatur liburuetarako sortutako ilustrazioak hala zezenketen kartelak ageri dira. Soriak dioenez, Picassoren erakusketak artistaren alderik intimoenak eskaintzen ditu. «1958an zezenketa baterako egin zuen kartela ekarri dugu. Zezenketak asko gustatzen zitzaizkion».

Alabaina, margolariak, gai sozialei ez ezik, politika gaiei ere heldu zien. Horren adierazle dira, besteak beste, Poloniako Bake Kongresurako egindako bitartekoa eta amnistia aldarrikatzen duen lana.

Abenturazale artistikoen ikur

Soriaren hitzetan, Picasso XX. mende erdiko abenturazale artistikoen ikur izango da beti: «Bere lana belaunaldi bereko beste artistekin alderatuz aparteko kasua da; entretenigarria eta nekaezina zen».

Obsesio kolektiboak bultzada indibidualen bidez gizarteratzeagatik nabarmendu du Picasso: «Paper gaineko obrak balio gutxiago izan dezakeela pentsa liteke. Lineograbatua bezalako teknikak egur gaineko ilustrazioaren mailan jarri zituen». Kobre gainean, adibidez, 2.024 obra egin zituen, eta zeramikan, 600.

Adierazi duenez, grabatuak oinarrizko gauza izan dira Picassoren bizitzan: «Hasieratik amaierara landu zituen». Haatik, zail egiten zaio lan bat hautatzea: «Picassori diodan miresmenagatik ezin dut bat aukeratu, guztiak elkarren osagarri baitira».

Maiatza bitarte, beraz, margolari ospetsuaren bizitzara gerturatuko da ikuslea Picasso grabatzailea erakusketaren bidez. Ekainean, Kordobara (Espainia) eramango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.