Malagako Picasso museoak (Espainia) Pablo Picassoren gertuko poeten lanak argitaratuko ditu, artistaren inguruko mapa poetiko bat osatu nahian. Argitaratutako lehen bi liburuak Max Jacob eta Gerardo Diegorenak dira, eta Picassoren marrazkiak eta grabatuak gehitu dizkiete haien poemei.
Max Jacobi apropos eman diote lehen zenbakia, «Picassok gertuen izan zuen poeta» delako. Biak elkarrekin bizi izan ziren Parisko Voltaire bulebarrean, 1906 inguruan. «Jacoben bizitza oximoron bat da, muturretan bizi da, mistizismoaren eta bizitza sozial gogor baten artean, homosexualitate aktibo baten eta fraide bokazio argi baten artean, arte kritikaren eta testu poetiko puruen artean», azaldu du Alberto Tajan kontseilu editorialeko kideak.
Diegoren ikuspuntua, ostera, desberdina da oso, Jacobenarekin alderatuta. «Jacob mende hasierako Parisko zurrunbiloan bizi zen, eta Diego, berriz, erretiro espiritualean, eta Picassoren irudi patxadatsuago eta poetikoago bat erakusten du», esan du Tajanek.
Guillaume Apollinaire, Jean Cocteau, Paul Eluard eta Andre Bretonenak izango dira hurrengo argitalpenak. Tajanek nabarmendu duenez, proiektua zailtasun askorekin sortu da, «Picasso labirintikoa eta zaila» baita, eta zer esanik ez hitzarekin zuen harremana. Hala ere, esan du artistaren obra ulertzeko «ezinbestekoa» dela haren mapa poetikoaren berri ere izatea, eta beraiek «bidea garbitzen» hastea erabaki dutela.
Picassoren «mapa poetikoa» egiten hasi dira
Malagako Picasso museoak artistaren gertuko idazleen poesia lanak argitaratzeko egitasmoari ekin dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu