Kultura. Artea eta merkatua

Pintzelak eta diamanteak

Gain behera doaz datu ekonomikoak, eta horregatik dira hain nabarmenak asteotan enkanteetan egin diren zenbait artelanen salmentak. Adituek diotenez, ordea, eginagatik distira, denak urre ez dira.

Inigo Astiz
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Kontrasteak ematen dio indarra. Gain behera doa merkatua, baina salmenta zifra ikusgarriekin heldu da azken asteotan artelanen merkatua albistegietara. Ikusgarria izan da denbora gutxian AEBetako enkante etxe nagusietan lortutako marken segida: 91,3 milioitan saldu zuten orain bi aste Edvard Munch margolariaren Oihua izeneko lan ikonikoa; enkante batean inoiz salduriko artelanik garestiena izan zen. Egun gutxiren buruan, 66,8 milioi eurotan saldu zuten Mark Rothko margolariaren Laranja, gorria, horia koadroa; arte garaikideko inoizko salmentarik garestiena. Artearen historiako bi lan esanguratsu, artearen merkatuaren historia idazten. Izan ere, finantza balio bilakatu dira gaur egun arte piezak. Arte piezekin, aktibo paketeak ere saltzen dituzten enpresak badaude. Banku eta herrialdeak hondoratzen diren bitartean, dirua babesteko irla gisa darabiltzate inbertitzaileek maisulanak. Nekez imajina liteke bi lan esanguratsu horien balioa goitik behera amilduko denik. Artea ez da finantza produktu soila, ordea. Horregatik, adituen ustez, zifra handi horien atzean bada kontuan hartu beharreko itzalik ere.

Gora doaz datuak enkanteetan. 2008an izan zuten geldialdi bat, baina 2009an berriz egin zuten gora, eta gaur egun indartsu dira berriz. Bilbon ere igarri dute bultzada Bilbao XXI enkante enpresan, Alvaro Juverak dioenez. Marka ere egin zuten, gainera, orain egun batzuk: milioi bat euroren truke saldu zuten triptiko gotiko bat. Santa Luziaren Kondairaren Maisua esaten dioten XV. mendeko Brujasko margolari batek egin zuen lana. Euskal Herrian inoiz saldu den artelanik garestiena ez bada, garestienetariko bat izan da, eta pozik mintzo da Juvera, horregatik. Krisiak sortutako nahasmena da, dioenez, beren lanbidearen aliatu nagusia: «Burtsan, bankuetan edo gisakoetan jartzen zuen dirua jendeak lehen; orain artelanak erosten dituzte».

Alde du haizea negozioak, eta hiru arrazoi aipatzen ditu. Bat: babes leku gisa erabiltzen dute artea lehen banku eta burtsan inbertsioak egiten zituzten inbertitzaileek. Bi: ondare garrantzitsuak zituzten partikularren egoera ekonomikoak okerrera egin du, eta orain arte salgai egon ez diren lehen mailako lanak hasi dira merkaturatzen, horregatik. Eta hiru: aktore berriak agertu dira artearen merkatuan; gorabidean diren herrialdeak. Haizea alde izateak, hala ere, ez du esan nahi dena saltzen denik. Bahetu egin da merkatua, Juverak dioenez. «Margolari asko dago, baina maisu gutxi. Azken horiek dira gora egin dutenak, eta dekorazio pinturak nabarmen egin du behera. Lehen eskola bereko lau artista saltzen baziren, batzuek baino ez dute egin gora orain, eta besteek behera egin dute».

Joera bera ikusten du Lourdes Fernandezek ere. Zehaztapena egiten du, ordea: «Enkanteen mundua gauza bat da, eta artearen mundua beste bat». Bilboko Alondegiko zuzendari artistikoa da egun, baina 2006an Madrilgo ARCO arte garaikideko azokan hasi zen lanean, eta lau urtez izan zen zuzendaria han. Krisi aurreko garaia, krisi bitartekoa eta krisia lehertu ondorengoa ezagutu ditu. «2006 eta 2007 oso urte onak izan ziren. Dena saltzen zen. Antsietate moduko bat bazegoen, baina Lehman Brothers bankua erori zenean, erabat aldatu zen egoera. Horrek ez du esan nahi saltzen ez zenik, ordea. Saldu saltzen da, baina beste modu batean. Jendeak gehiago pentsatzen du zer erosi eta zer ez. Azoka ireki eta lehen egunetan ez zen halako salmentarik izaten. Urduri zeuden galeriak, baina azkenean emaitzak onak izan ziren».

Galerien beherakada

Enkanteetatik urrun kokatzen du bere burua Moises Perez Albeniz galerista eta Espainiako Arte Garaikideko Galeristen Elkarteko presidenteak. «Errealitate bat dira supersalmenta horiek, bai, baina ez dira errealitate bakarra». Bestelakoak dira berak ezagutzen dituenak. Hiru zirkulu deskribatzen ditu: merkatu lokala, merkatu nazionala, eta nazioarteko merkatua. Hiruretan aritzen da bera, eta hiruak zaindu beharraz mintzo da. Orain 15 urte ireki zuen bere izen bereko galeria Perez Albenizek Iruñean, eta bertatik bertara ezagutzen ditu arte garaikideari eskainitako azoka gehienak. Aurten, zorrotz aritu behar izan direla dio, ordea. «Krisiak guri ere eragin digu, eta oso ongi pentsatu behar izan dugu irteera bakoitza. Oso garai txarra da. Dena alderantziz utzi du krisiak, eta apenas izaten dugun bisitarik ere antolatzen ditugun doako erakusketetan.

Berak ere aholkatzen ditu inbertitzaileak, eta badaki zer nahi duten .«Artea beti izan da babes balore bat», errepikatzen du Perez-Albenizek. «Ziurra da artean ez dagoela aktibo toxikorik». Ez da hori Erresuma Batuko Julian Spalding arte kritikariaren iritzia. Subprime hipoteken pareko artistikotzat jo zituen berak Damien Hirst artistaren lanak. «Ados», erantzuten du Perez Albenizek umoretsu, «baina hobe Hirst bat edukitzea subprime horietako bat baino». Aitortza dator gero. «Egia da maila horretan arteak baduela burtsaren antzik. Gidatu egiten dute, eta manipulazioa ere egoten da».

Ilarak eta enkanteak

Adibide batek azal dezake Perez Albenizek kontatzen duena. Bizirik den artistarik mediatikoenetariko bat da Damien Hirst ingelesa. Zinez ezaguna da diamantez eta giza hortzez sortutako kaskezur garestia, esaterako. Ikusgarritasuna eta salmenta prezio altuak ditu bere marka. Ezagutzen du arte merkatuaren funtzionamendua, eta baliatu egiten du. 2008an, krisi ekonomikoa lehertzear zenean, adibidez, hordagoa bota zion merkatuari. Bitartekoak baztertuta, bere kontu antolatu zuen bere lanen enkantea. Bistara utzi zuen arte merkatuaren atzealdea. Haren lanen truke eskatzen zen hasierako preziorik ere ez zutela ordainduko esan zuten arte kritikari batzuek, baina okertu egin ziren. Arrakastatsua izan zen deialdia, eta gora egin zuten prezioek. Gerora jakin zenez, ordea, Hirsten lanak saltzen zituzten galeriak izan ziren bere artistaren obren alde prezioak igotzen aritu zirenetariko batzuk. Eta Hirst bera ere aritu da behin baino gehiagotan bere arte lanen alde enkanteetan. Piezek salmenta baliorik ez galtzea da helburu nagusia. Berak sortutako burbuilari lehertu gabe eustea, alegia. Horregatik Spalding kritikariak subprime hipotekekin egindako alderaketa, eta, horregatik, Perez Albenizek aipatu manipulazioarena.

Horregatik, adibidez, paradigmatikoa da Hirsten kasua Asier Mendizabal artistarentzat ere. Dioenez, ikusgarritasuna da kultur gaiei balioa ezartzeko erabiltzen den bide bakarra hedabideetan. «Bi dira arteari buruz komunikabide jeneralistetan tratatzen diren gaiak: ilarak eta enkanteak». Horregatik, artista ingelesaren kasuarekiko kezka. «Hirst eta haren antzekoen sorkuntzaren oinarri bakar-bakarra oihartzun mediatikoa da. Hirsten lanak ez du heldulekurik atentzio mediatikoa ez bada. Hirstek antolatu zuena izan zen kanpaina mediatiko oso abil bat, eta horregatik izanda ezagun gerora. Atentzio mediatiko fokalizatu horregatik ez bada, ez lirateke balio artistiko handiko lantzat joko, eta ez lirateke balio ekonomiko gisa finkatuko».

Enkanteetako salmenta handiak eta museo sarreretako ilara luzeak. Istorio bakarra kontatzen dute biek Mendizabalen hitzetan. «Kontatu nahi dute badagoela apetazkotasun bat gure balio kulturalak finkatzeko orduan. Kezkatzen gaitu balio ezarpen sistema horrek, eta beti balio horren gehiegikeriak erakusten arituz gero, ematen ari garen irudia da ez dagoela kultur ekintzen benetan balioa finkatzerik, eta hori ez da egia. Noski, badago hori egiterik, baina balio hori finkatzen dutenak ez dira ilarak, eta ez dira enkanteak». Bestelako balio horiei garrantzia ematearen beharra aipatzen du, adibidez. Egin behar publikoarena. «Europan ulertu dugu badagoela kontrapisu bat planteatzea balorearen asignazio interesatu eta arbitrario horri. Desira jartzen dute jokoan mezenasek, bildumazaleek eta besteek, eta zilegi da hori, baina horrek emango duen balorazio mota ziur aski akritikoa eta onbera izango da. Horri kontrapisua egiteko behar da kultura kritikoa. Eta kultura kritikoak izan behar du independentea, eta horretarako pasatu beharko ditu publikotasunaren filtroak. Horretarako balio du artean inbertitzen den diru publikoak. Ez indarrean diren balioak finkatzeko, baizik eta kontrapisu lana egiteko. Hori da ongizate gizartearen kontratu kulturalak eskatzen duena».

Baina ez da beti hala izaten. Dioenez, inbertsio publikoa murriztea besteko hutsa da diru publikoa diskurtso hegemonikoa balioztatzeko erabiltzea. Baina bada adibide nahikorik, dioenez. Hori da Guggenheim museoarekin gertatzen dena, esaterako, baina Bilboko Arte Ederren museoa prestatzen ari den Fernando Boteroren erakusketa ere aipatzen du Mendizabalek. Horiek eta gehiago ere bai. Kontrapisua eskatzen du berak.

Merkatuaren aurkako jarrera artistikoa ez da gaur egungoa. Neurri handi batean, horregatik jo zuten 60ko hamarkadako artista askok objektu artistikoaren aurka. Salgai gisa saltzeko erraza zen, eta bestelako bideak hasi ziren lantzen: performanceak, body art-a, arte kontzeptuala... Gaur egun, ordea, merkatu gai bilakatu dira horiek guztiak, Ismael Manterola arte historialariak azaltzen duenez. Ironia darabil norabide aldaketa deskribatzeko: «Francoren aurka hobeki bizi ginen». 60ko hamarkadako ekintza erresistente horiek, sistemaren parte dira, orain. Ihesbiderik ez dago kasik, dioenez. «Bataila bat ematen zuen bazegoela, eta merkatuak irabazi du. Jakin du nola moldatu. 60ko hamarkadan merkatuarekiko kritikoa zen arte mota hori lantzen dutenek ere ez dute jadanik halako kontzientzia kritikorik jadanik. Badakite arte mota hori dokumenta daitekeela eta sal daitekeela».

Pribatizazioaren aurka

Bada, hala ere, erantzunik. Orain egun batzuk, adibidez, manifestazioa antolatu zuen New Yorkeko Occupy Wall Street mugimenduak Frieze izeneko arte azokaren aurka. Mugimenduaren adar kulturaletariko batek egin zuen deialdia; Occupy museums izenekoak. «Artearen finantzaketa nabarmenaren aurka» egin zuten protesta. Berta-bertakoa ere bada kezka, ordea. Iruñean, bertan Vesarte izeneko mugimendu artistikoak ere egin du artearen «pribatizazioaren» aurkako ekintzarik. Elena Torres Nafarroako Parlamentuko lehendakari ohiaren erretratu publikoaren aurka bideratu zuten kritika. 6.980 euroko gastua zuen erretratu ofizialak, eta Vesartekoek beste bat egin, eta dohainik ematea erabaki zuten.

Ez da joera berria kritikarena, Mendizabalek dioenez. «Artearen praktikan bertan beti egon da presente. Arteari onartu behar zaion gauzetariko bat hori da. Beste edozein adierazpidek baino autoanalisi zorrotzagoa egin du. Abangoardia horrelako apustu baten ondorioa da. Hala, biluztu arazten dira zenbait konbentzio. Haien artean baita konbentzio ekonomikoa ere». Harremana zailtzea da, dioenez, bidea. «Ezin gara erori merkatua gaiztoa dela, edo merkatuak salbatuko gaituela esatera. Oso arlo konkretu batean gaude, eta egoera ekonomikoak ere oso berezia da. Eta horrek batzuetan utzi ditu zirrikituak beste inon egin ahal izan ez diren gauzak egin, eta beste inon esan ezin izan diren gauzak esateko. Eta hori bermatzen du objektu magikoaren inguruko ekonomia berezi horrek».

Artea badela finantza balore, baina ez finantza balore soila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.