«Bizilagunak egiten duena ezagutu eta gurean egiten dena bizilagunak ezagutzea». Hori izan zen Euskaltzaindiak 2008an Iruñean egin zuen XVI. Nazioarteko biltzarraren helburuetako bat, Andres Urrutia euskaltzainburuaren arabera. Pirinioetako hizkuntzak: lehena eta oraina izeneko biltzarrak, Pirinioetako mendikateen bi aldetan dauden hizkuntza eta kultura minorizatuak izan zituen ardatz. Hain zuzen, euskara, aragoiera, katalana eta okzitaniera aztertu zituzten horien inguruko adituek. Orain, jardunaldiaren emaitza plazaratu du Euskaltzaindiak, biltzarraren izen bera daraman lanaren bidez. CD-ROM formatuan argitaratu du erakundeak jardunaldi osoa jasotzen duen lan mardula. Biltzarraren fruituak gizarteratzeko asmoarekin, CDaren edukia bere webgunean ere jarriko du Euskaltzaindiak.
Edukiaren barruan, filologiaz gain soziolinguistikak ere garrantzia handia hartzen du. Jardunaldi beraren barnean lau hizkuntza aztertu ahal izateko, «lanerako espazio komun» bat bilatu behar izan zuten, Urrutiak adierazi duenez. Hala, hizkuntzei nondik begiratu izateko, lau ardatz aukeratu zituzten: historia eta dialektologia; literatura; hizkuntza eta gizartea; eta toponimia. Euskaltzaindiaz gain, Kataluniako erakunde batek eta Aragoiko beste batek ere hartu zuten parte biltzarrean. Okzitaniarrei dagokienez, akademia bat sortzeko bidean dira, Urrutiaren hitzetan.
'Euskara' agerkaria
Biltzarraren emaitzak ezagutarazteko lanaz gain, Euskara agerkariaren azken bi aleak ere aurkeztu zituen atzo Euskaltzaindiak. Azken sei hilabetetako lana jasotzen dute liburuek: egindako ikerketak ageri dira, eta, horrez gain, erakundearen «barne bizitzaren» berri ematen dute, Urrutiak zehaztu duenez.
Pirinioetako hizkuntzei buruzko biltzarreko emaitza kaleratu du Euskaltzaindiak
Euskaraz gain, okzitaniera, aragoiera eta katalana aztertu zituzten 2008an egindako topaketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu