Planak

Ismael Manterola
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Joan den asteko ostegunean aurkeztekoa zen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak prestatu duen Kulturen Aldeko Herritartasun Kontratuaren zirriborroa.

Izenburu luze eta ulertezinaren atzean Eusko Jaurlaritzak hurrengo urteetan jarraituko duen plan estrategikoa dago eta aurreko taldeak landutako Kulturaren Euskal Plana ordezkatzera dator. Badirudi talde berriarentzat edukietan baino gehiago arazoa izenburuan zegoela, euskal hitza herritartasuna hitzaren bidez ordezkatzeko azkar ibili delako.

Lagun batek egunkari honek aurreko ostiralean lehendabizikoz argitaratutako Gipuzkoako gehigarrian esaten zuen bezala, ez dut ulertzen zergatik jartzen dizkieten politikariek gauza sinpleei izenburu zailak eta konplikatuak. Azkenean kulturaren plan estrategikoa dena kontratuaren bidez mozorrotu nahi dute, jakinda beren buruarekin kontratatuko dutela. Nik uste nuen kontratuak bi aldeen artean egiten zirela, baina Kultura Saileko arduradunek garbi laga zituzten balizko itun horren oinarriak zein izango diren.

Itxuraz, aurreko agintarien lan ildoa identitatea omen zen eta oraingoa herritartasunean oinarrituko omen da. Hitzen atzetik ba ote dago zerbait? Zerbait egiaztatzen denean komeni da arrazoitzea eta jakin nahiko nuke zertan pentsatzen ari diren aurreko Kultura Saila «identitatean» oinarritu zela esaten dutenean eta zer den kultur plan batean «herritartasuna ardatz izatea».

Baina Kultura Saileko taldekoek zertxobait argitu zuten hitz polit horien atzean zer dagoen sumatzeko. Herritartasunaren atzean kultur eskaintza elebiduna izango dela esan nahi dute, azken 25 urteetan bestelakoa izan balitz bezala. Berrian irakurri genuenaren arabera: «helburua da euskarazko kultur eskaintzak erantzun diezaion berez elebiduna den eta gerora ere elebidun izan nahi duen gizartearen eskariari». Egoeraren diagnostiko horren ondorioz, EAEn ez daukagu desagertzear dagoen hizkuntzarik (Unescok esanda) eta kultur eskaintzak parekide diren bi hizkuntzak berdin-berdin tratatu behar ditu. Horra hor Kultura Saila izena duen erakunde baten plana.

Euskaraz egindako kultura «identitateduna» da (eta hala da), baina gaztelaniaz egindakoa «irekia eta unibertsala», identitaterik gabekoa. Baina, orokorrean zerbaitek identitaterik ez duela esaten dugunean, ez al dugu ba esaten hutsa eta interesik gabea dela?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.