Gorka Ostolaza eta Arrate Illaro mailarik beroenera ez ziren horrenbestetan gerturatu, baina Ajuriarekin batera nabarmendu eta orekatuta aritu ziren. Zortziko txikian nabarmendu zen Ajuria; puntuari erantzuten, Ostolaza; eta zortziko nagusian eta kartzelan izan zen onena Illaro.
Xabat Galletebeitia, Mikel Goiriena eta Peru Vidal hotzago aritu ziren, tarteka berora gerturatuz. Goirienaren ateraldi xelebreek, maiz haritik kanporakoak zirenak, entzuleak harrituta eta algaraka utzi zituzten.
40 urte beteta krisia, ala ez
Leire Bilbaok emandako gaiari jarraituz, 40 urte beteta pozik Ostolaza; ez horren pozik, ordea, Illaro. «40 urte bete ditut-ta / ia ezin dut egin lorik / hartu bainaute bi titi jausik / ta beste bi izter lodik. / Zuri begira jarri ezkero / ez duzu ile askorik; / zuk ere ez duzu horren gustora / egoteko motiborik», erantzun zion Illarok, Ostolazak gustura zegoela esan eta gero. Ostolazak ez zuen Illaro konbentzitzerik lortzen. «Zu bikoteak utzi zintuen / gazteago batengatik / ta ni senarrak ez nau ikutzen / bigarren haurdunalditik», bota zion bigarrenean Illarok. «Oin beste gauza batzuk dauzkagu / ta hoiei begitzea hoba. / Gaur gabaz nik gona horiek / jasoko ditut gustora», azaldu zion Ostolazak ariketako bere azken bertsoan, Illarok jantzia zuen soinekoari erreferentzia eginda.
Inguruari egin zion erreferentzia zortziko txikian Ajuriak ere, bere aldeko pankarta bati hain zuzen. Bond, I-Bond, BEC-erako lizentzia zioen pankartak, eta huraxe baliatu zuen «Pelikula baterako bertsolari bat behar zutela-eta, kastinera aurkeztu zarete. Bion artean dago kontua» gaia garatzeko orduan. Vidalek guapoak beharko zituztelako esperantza galtzera gonbidatu zuenean, honela erantzun zion Ajuriak:
Ibon Ajuria
Zu guapoa zarela
ezin sinetsia.
Ni Bond naiz I-Bond bai, bai
badot garrantzia
BEC-erako be badot
nire lizentzia
aktore legez daukat
esperientzia
Erantzunean aurrera egin ezinda estu ibili zen tarte batez Vidal, eta egoera hori ere baliatu zuen hurrengo bertsoan Ibon Ajuriak: «'Uf!', 'Uf!' zuk esan duzu / geratu beharrean / bardin paseko jatzu / kamaren aurrean».
Gurasoen etxea utzi berritan kokatu zituen bertsolariak kartzelako gaiak: «Gaur lagatzen duzu gurasoen etxea. Ama eta aita agurtu eta bazoaz». Agurreko une tristeari eta etorkizun zalantzatiari kantatu zioten guztiek, ideietan nahiko lan antzekoetan.
Ostolazak oroitzapenetatik hasita ekin zion. «Gogoan dauzkat nik txikitako / bainera, xaboia, ura / anaiarekin hamaika jolas / gu beti geure mundura. / Gero, gaztetan, aldaketekin / sortutako abentura / aita ta amaren haserrealdia / nire buruko hainbat duda / ordua heldu da atea ireki / banoa neure ingurura / urte ederrak izan ditugu / baina zikloa amaitu da».
Errima berarekin, gurasoenganako lotura apurtu orduko, beste lotura bat zuen Ajuriak azken bertsoaren azkenean azaldu zuenez: «Giltzak hartuta oraintxe noa / ni nire etxe barrura / espazioa dana niretzat / nik horixe neban gura / ta gura neban modura /baina, orain, zer aldatu da? / Egia da bai, bukatu dala / euregazko abentura / baina orain, barriz, bankuagaz dot / bizi osoko lotura».
Illarorena izan zen lanik osoena. Gurasoei begira borobildu zuen ariketa:
Arrate Illaro
Ez da erraza seme-alabak
doazela pentsatzea
ez da erraza urteak nola
joaten diren onartzea
baina ama hau ez da izango
zure alaba galtzea
baizik ta, ondo merezi duzun
bezala gaur bizitzea.
Aita ondoan daukazu eta
ez dago hutsik etxea
orain zuei dagokizue
elkarrekin gozatzea
Kanporaketetako azken-aurreko plaza Miren Amuriza, Joanes Igeregi, Peio Ormazabal, Beñat Vidal, Ortzi Garitano eta Eneko Abasolok berotuko dute.
Sailkapena
1.- Ibon Ajuria 4102.- Gorka Ostolaza 400
3.- Arrate Illaro 392,5
4.- Xabat Galletebeitia 364,5
5.- Mikel Goiriena 347,5
6.- Peru Vidal 308
SAILKAPEN NAGUSIA
1.- Oihana Bartra 412, 5
2.- Ibon Ajuria 410
3.- Gorka Ostolaza 400
4.- Jone Uria 398, 5
5.- Arrate Illaro 392,5
6.- Xabier Enbeita 370,5
7.- Xabat Galletebeitia 364,5
8.- Joseba Artza 363
9.- Ander Elortegi 361,5
10.- Iker Belaustegi 358,5
11.- Iñaki Iturriotz 353
12.- Itxaso Paia 349
13.- Mikel Goiriena 347,5
14.- Lander Ibarluzea 346,5
15.- Julen Erezuma 342
16.- Julen Sololuze 340
17.- Peru Vidal308
18.- Asier Legarreta 291,5