Poesia erritmoko jazza

Euskal idazleen poemak hartu ditu Andoni Arcilla jazz musikariak 'Hilkorra ez banintz' diskoa osatzeko

Andoni Arcilla, bere diskoaren aurkezpenean. LANDER FDZ. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
«Urri dira gisa honetako lanak euskal jazzean, horrelakorik baldin bada». Hitz horiekin aurkeztu du Errabal jazz zigiluko Ubane Uzin ordezkariak Andoni Arcilla musikariak kaleratu duen azken lana. Jazz hotsa atera dio poesiari; euskaraz. Hedoi Etxarte, Jon Mirande, Angel Erro, Itxaro Borda, Koldo Izagirre, Rikardo Arregi eta Anna Akhmatovaren testuetatik abiatuta sortu ditu bere diskoko kantuak, eta Erroren poema bati hartu dio izenburua: Hilkorra ez banintz. Giza eskalaren urgentziaz mintzo da Erro. Baita Arcilla ere: «Hilkorra ez banintz, noizbait isilduko naizela jakingo ez banu, noren aginduz egingo nuke poemen gaineko diskorik?».

Jazza da bizkarrezurra, baina ez jazza bakarrik. Funk kutsu nabarmena du Izagirreren Bolueta-Sestao poeman oinarritutako kantuak. Pop-rock musikaren ukituak, berriz, Erroren idazkian oinarritutako kantuaren amaierak. Erregistro klasikoagoa ageri du Arregiren Unter der Linden testuaren gainean sortutako abestian. Libre aritu da doinuen uztarketan Arcilla. Estilo batetik edanez, bestetik beste. Fidel aritu da, ordea, hitzekin. «Saiatu naiz ez lizentzia handirik hartzen».

Salbuespen bat aipatzen du; Etxarteren Marretan hutsunerik ez da testuarena. Palestina eta Israelen arteko gatazkaz mintzo da poema. Baditu esaldi gordinak; «senti ezazu B-52ak eta Newtonek / bidaltzen dizuten askatasuna». Poparen erregistrora eraman du kanta, halere. Balada moduko batera. Kontrastean. «Euskararik jakin ezean, maitasun kantu bat dela pentsa liteke».

Orain hiru urte hasi zen dena, Etxartek Suzko Lilia liburua kaleratu zuenean. Haren poema batzuk musikatu zituen Arcillak orduan, eta han piztu zitzaion harra. «Jendeak harrera ona egin zion egitasmoari, eta nik neuk ere gero eta garrantzi handiagoa eman nion proiektuari, harik eta orain urtebete buru-belarri murgildu nintzen arte». Etxartek berak egin zion lehen testu hautaketa, eta Arcillak hautatu zituen gero. «Erritmotik abiatu naiz, ahoz gorako irakurketetatik. Erritmoa da lehentasuna beti, eta are gehiago poesia musikatzerakoan».

Taldearen garrantzia

Andoni Arcilla Group izenarekin sinatu du lana, alboan izan dituen musikarien garrantzia azpimarratu nahian. Musikeneko lagunak ditu. «Sekulako lana egin dute», dio. Arcillarena da konposizio lana, eta hark jarri ditu ahotsa, piano eta teklatuak, baina Jorge Abadias gitarra jotzailearekin, Kike Arza kontrabaxu jotzailearekin eta Juanma Urriza Boli bateriarekin grabatu du diskoa. Leire Fernandez biolin jotzaileak eta Javi Martinez tronpeta jotzaileak kolaborazio bana egin dute.

Asteazkenean ariko dira zuzenean, Durangon, 11:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.