Poesiaren trenak Donostia, Gasteiz eta Bilbo izango ditu geraleku ostegunetik igandera bitartean. Izan ere, nazioarteko poetak eta Euskal Herriko zenbait EAEko hiriburuetara bilduko dira, 2012 Fundazioak antolatutako Askoren izenean: pido la paz y la palabra (Askoren izenean: bakea eta hitza eskatzen ditut) nazioarteko poesia jaialdira. Poesia oinarri, errezitaldiak, mahai inguruak, irakurraldi dramatizatuak eta poesia eta musika uztartzen dituzten emanaldiak izango dira. Guztira, 50 poeta inguru arituko dira; tartean, Bernardo Atxaga, Kirmen Uribe, Felipe Juaristi, Patxi Zubizarreta, Miren Agur Meabe, Douglas Dunn, Anne Crowe, Jack Hirschmann, Pia Tafdrup, Karen Conelly, Lello Voce, Nguyen Quang Thieu, Luis Garcia Montero eta Werewere Liking. Kirmen Uribek eta Wim Mertens pianistak jaialdirako bereziki sortutako lan bat estreinatuko dute larunbat gauean, Bilbon, Euskalduna jauregian.
Jose Fernandez de la Sota poeta bilbotarrak argitu duenez, hizkuntzaren espresio gorenaz gozatzeko aukera izango da egun horietan. Jaialdia, 2012 Euskadi, Bake eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urteaprogramaren barnekoa da. Euskal Herriko zenbait herri eta hiriren bonbardaketaren 75. urteurrena gogoratzeko eta Euskal Herriko «aro politiko berria» ospatzeko sortu da. Hala izanik, aurten bakarrik egingo dutela argitu du Mikel Toral-ek, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendariak.
Blas de Otero poeta bilbotarraren Pido la paz y la palabra (Bakea eta hitza eskatzen ditut) bertsoak izendatu du egitasmoa. Baina Fernandez de la Sotaren ustez, jaialdiaren goiburu izateko berdin balioko zukeen Gabriel Arestiren «Beti paratuko naiz gizonaren alde» Zorrotzako portuan aldarrika poemaren bertsoak; izan ere, azaldu duenez, poeta gehienak gai horren inguruan arituko dira.
Aresti omenduko dute igandean, Bilboko Kasilda Iturrizar parkean. Gerardo Markuluetak, Miren Agur Meabek, Felipe Juaristik, Kandido Urangak eta Patxi Santamariak haren poemak errezitatuko dituzte eguerdi aldera, poetaren estatuaren ondoan.
Poesiaren trena
Poesiaren trenak Donostian eta Gasteizen geldituko da lehenengo bi egunetan, eta, hala, ostegunean eta ostiralean poesiaz gozatzeko aukera izango da hirietako kale eta aretoetan. Ostegun arratsaldean, Donostian, San Telmo museoan, hitza eta oroimenaren inguruko eztabaida egingo dute Luisa Etxenike, Willy Uribe eta Pedro Telleria idazleek. Egun berean, Miren Agur Meabe idazle eta poetak errezitaldia egingo du. Ostiralean, berriz, museoan bertan, Emakume poetak: 4 kontinente emanaldi berezia egingo duteWerewere Liking (Kamerun), Natalia Toledo (Mexiko), Chiranan Pitpreecha (Thailandia) eta Karen Conellyk (Kanada). Gasteizen ere, poesiak aretoak, plazak eta tranbia geltokiak hartuko ditu, zenbait errezitaldi eta musika emanaldiren bidez.
Jaialdiko ekitaldi nagusiak, berriz, asteburuan izango dira, Bilbon. Hala, larunbatean, goizetik gauera artepoesia maratoia egingo dute Euskalduna jauregian. Munduko poeten ahotsak saioan, besteak beste, Douglas Dunn, Karen Connelly, Luis Garcia Montero, Saadi Yousif Shihab, Joan Margarit, Anna Crow, Felipe Juaristi, Manuel Rivas eta Bernardo Atxagaren errezitaldiak entzuteko aukera izango da. Azken biak, batera arituko dira A.1 aretoan.
Aldi berean, Euskalduna jauregiko A.3 aretoan zenbait kontzertu izango dira; besteak beste, Jose Blanco, Patxi Zubizarreta, Maddi Oihenart, Rafa Berrio, Joserra Senperena eta Gari arituko dira. Beranduago, 20:30ak aldera, hasiko dira gaueko emanaldiko programatutako emanaldiak. Askoren izenean: En nombre de muchos saioan, poesia eta musika uztartuko dituzte zenbait aktorek etamusikarik. Eta hori amaituta, Hitzak isilune luzearen ostean Kirmen Uribek eta Wim Mertens pianistak jaialdirako bereziki sortutako emanaldia hasiko da.
Igandean, berriz, poesia kalera irtengo da, eta Kasilda Iturrizar parkeko zenbait tokitan Estalperik gabeko bertsoak programako errezitaldiak, kontu kontalariak eta ikusizko poesiaren inguruko erakusketa bat izango dira, pergolan, urmaelean, Gabriel Arestiren estatuan, iturrian eta Arte Eder museoaren parean.
Poesiaren geralekuak
'Askoren izenean: pido la paz y la palabra' nazioarteko poesia jaialdia egingo da EAEko hiriburuetan, ostegunetik iganderaKirmen Uribek eta Wim Mertensek emanaldi berezi bat estreinatuko dute Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu