Poesiaren musika

Gaur gauean estreinatuko dute Kirmen Uribek eta Wim Mertens pianistak 'Hitzak isilaldi luze baten ostean' saioa, Bilbon'Askoren izenean: Pido la paz y la palabra' poesia jaialdiak Bilbon parada egingo du

Wim Mertens eta Kirmen Uribe, atzo, beren emanaldiaren aurkezpenean. JON HERNAEZ/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Hitzak isilaldi luze baten ostean emanaldia estreinatuko dute gaur gauean Kirmen Uribek eta Wim Mertens pianista belgikarrak Bilboko Euskalduna jauregian. Poesia eta musika uztartuko dituzte, eta Uribek Mertensen pianoak lagunduta errezitatuko ditu poemak. Euskara hutsezko emanaldia egingo dute, idazleak azaldu duenez, argitaratu gabeko hamar poema ingururekin eta Mertensen pieza berriekin eta zenbait pieza ezagunekin. Emanaldia, Askoren izenean: Pido la paz y la palabra nazioarteko poesia jaialdirako bereziki sortu dute. Atzo aurkeztu zuten prentsaurrekoan, Bilboko Euskalduna jauregian.

Musikaria eta poeta oso pozik agertu dira beraien arteko elkarlanarekin: «Oso atsegina izan da berarekin lan egitea, eta baita erraza ere», azaldu du Uribek, «Berak badu disko bat, nik oso gaztea nintzenean entzuten nuena: Motives for Writting. Niretzat, hori izan da idazteko arrazoia, hori izan da berarekin lan egiteko, jaialdian parte hartzeko, idazteko arrazoia», azaldu du Uribek. Elkarlana posta elektronikoz zehaztu dute azken hilabetean, bere testuak posta elektronikoz bidaltzen zizkion Uribek, eta Mertensek musika piezak sortzen zituen haietan inspiraturik. Iritziak ere, posta elektronikoaren bidez trukatu dituzte.

Atzo, berriz, batera egoteko aukera izan zuten, eta emanaldiko hari guztiak lotu zituzten: «Gaur goizean itxuratu dugu emanaldia», azaldu du Uribek. Aurretik, elkarren lana ezagutzen zuten biek. Mertensek azaldu duenez, musikaren tempoaren eta dinamikaren aldaketak izan ditu oinarri lan egiterakoan. «Hitz egiterakoan, parametro bi horiek erabiltzen ditugu guztiok, kontzienteki zein subkontzienteki. Ontzerakoan, saiatu naiz tempo eta dinamika aldaketa horiek sartzen. Horren bidez, Kirmenen lanean sar gaitezke, zoriaren bidez, paperean aurreikusi ezin daitekeenaren bidez. Elementu bi horien artean, musikaren eta poesiaren arteko emanaldia sortu dugu».

Yeatsen bertsotik abiatuta

Izenburua W. B. Yeats poeta irlandarraren bertso batetik hartu dute, Speech after long silence: It is right (Isilaldi luze baten ostean: Ondo da). Poema denbora luzean aldenduta egon diren maitale biren arteko biltzea kontatzen du. «Nik uste dut hori ari dela gertatzen Euskal Herrian. Horregatik jarri diogu izenburu hori. Pixkanaka elkarri hurbiltzen ari gatzaizkio; zailtasunekin oraindik ere, jakina», azaldu du Uribek.

Gaur gauean hamar poema inguru irakurriko ditu Uribek, guztiak euskaraz. Horien arteko bat, 1936ko Gabon egunean, Markinako fronteko su-etenaz hitz egiten du: «Gabon egunean batera bazkaldu zuten fronteko bi aldeetakoek, batzuk soldaduak, besteak gudariak. Hurrengo egunean gerrak jarraitu zuen eta ia haietako gehienak hil ziren. Nik neure buruari galdetzen nion, bazkari horretan zertaz hitz egin zuten. Zertan ez ziren egongo ados. Poeman diodan bezala, hitz horiek ekarri ditut, bazkari horretako hitz ahul eta lotsati horiek, ez ziren gai izan gerra amaitzeko, baina bai bake gune emateko», azaldu du.

Bihar Euskalduna jauregian izango diren poetetako batzuk izan ziren prentsaurrekoan Uribe eta Mertensekin batera. Besteak beste, han izan ziren Werewere Liking poeta kamerundarra, Natalia Toledo mexikarra, Antonio Tello argentinarra eta Chiranan Pitpreecha thailandiarra. Haiekin batera izan ziren, halaber, Gabriel Jaime Franco eta Alvaro Miranda poeta kolonbiarrak eta Medellingo Poesia Jaialdiko ordezkariak.

Werewere Liking, Natalia Toledo eta Chiranan Pitpreecha poetak beraien ama hizkuntzetan errezitatzen entzuteko aukera izan zen prentsaurrekoan, gaur Bilbon ikusi eta entzun ahalko denaren aurrerapen gisa. Likingek Maitasunaren botea kantua abestu eta errezitatu zuen. Kepa Murua jaialdiko literatur aholkulariak azaldu duen bezala, Likingen poesiak lotura estua du Kamerungo ahozko literaturarekin.

Toledoren poema bi entzuteko aukera ere izan zen, zapotecez errezitatu zituen lehenengo, eta gaztelaniazko itzulpenak gero. Hala, agerian utzi zituen hizkuntza bien arteko erritmo eta doinu aldaketa ederrak. Besteak beste, hizkuntza, gizabanakoaren, gizartearen, naturaren eta kultura zapotekareninguruko kezkak biltzen dituzte haren poemak.

Chiranan Pitpreechak ere poema bat irakurri zuen, thailandieraz. Poesia irakurri aurretik, bere hizkuntzako berezitasunez mintzatu zen, eta oso pozik agertu zen Euskal Herrian egoteagatik: «Ohore bat da niretzat, munduko hizkuntzarik zaharrena duen herrialdean egotea».

Hiru poetak Donostiako San Telmo museoan izan ziren atzo arratsaldean, Karen Connelly poeta kanadarrarekin batera, Emakume poetak: Lau kontinente errezitaldi berezian. Gaur Bilbon izango dira laurak, beste poeta askorekin batera. Izan ere, Bilboko Euskalduna jauregian, 11:00etatik aurrera, hogei poeta inguru arituko dira errezitatzen, Munduko poeten ahotsa emanaldian. Besteak beste, bertan izango dira Douglas Dunn, Nguyen Quang Thieu, Lello Voce, Felipe Juaristi eta Pia Tafdrup. Bakoitza ordu laurdenez arituko da errezitatzen. Emanaldiarekin amaitzeko, Bernardo Atxagak eta Manuel Rivasek errezitaldia egingo dute batera.

Bitartean, Euskalduna jauregian bertan, A3 aretoan, beste batzuen artean, Jose Blanco, Joserra Senperena, Maddi Oihenart, Rafa Berrio, Tomas Canet eta Garik kontzertuak emango dituzte. Behin errezitaldiak eta kontzertuak amaituta hasiko da gaueko programa,20:30ean, A1 aretoan. Horko ikuskizunetan, musika eta poesia uztartuko dituzte. Zenbait aktore eta musikari arituko dira Askoren izenean: en nombre de muchos emanaldian, hala nola Miren Gaztañaga, Juan Echanove eta Kepa Junkera. Musika eta poesia uztartuko dituzte, halaber, 22:45etik aurrera Hitzak isilune luzearen ostean emanaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.