Samuel Dashiell Hammett, polizia nobelatik nobela beltzera iristeko falta zen jauzia egin zuen idazlea aditu askoren ustez, duela 50 urte hil zen, 1961eko urtarrilaren 10ean. The Maltese Falcon nobelako Sam Spade detektibearen bidez, Hammettek polizia intrigari gizartearen kritika zorrotz, gogor eta errukigabea gehi dakiokeela erakutsi zuen, gerora idazle askok jarraitu dioten ildo emankor eta arrakastatsua zabalduz. Ez alferrik jotzen dute aditu askok nobela horretan oinarritutako filma zinema beltzaren aitzindaritzat. John Hustonek filmatu zuen, 1941ean, Sam Spaderen rolerako Humphrey Bogart hautatuz.
Pinkerton detektibe agentzian egin zuen lan gaztetan, bederatzi urtez, Baltimoren (Maryland, AEB), eta I. Mundu Gerran AEBetako armadako kide gisa hartu zuen parte, American Field Service boluntario taldean sartuta, aliatuei laguntza emateko, Frantzian. Gerra amaitu zelarik, osasun arazoak zirela eta, detektibe lanak utzi eta publizitatearen arloan lan egin zuen lehenik, eta idazle lanetan probatu zuen gero, detektibe gisa izandako eskarmentua istorioak sortzeko baliatuz.
Hainbat aldizkaritan narrazio laburrak argitaratu ondoren, 1929an hasi zen idazle gisa ezaguna egiten eta arrakasta lortzen, Red Harvest eta The Dain Curse nobelekin. Hurrengo urtean kaleratu zuen The Maltese Falcon. Ondorengo urteetan, 1931n eta 1934an hurrenez hurren, The Glass Key eta The Thin Man argitaratu zituen. AEBetako armadara itzuli zen 1942an, II. Mundu Gerran parte hartzeko. Sarjentu izan zen Aleutiar uharteetan (Alaskako hego-ekialdean), eta armadako egunkari bat argitaratzen egin zuen lan.
Lagunak ez salatzeagatik preso
Gerra amaitu eta gero, makartismoaren jazarpenen garaian, New York Civil Rights Congress (Eskubide Zibilen New Yorkeko Batzarra) erakundeko kide egin zen. Komunistatzat edo komunisten aldekotzat jotzen zuten askok erakundea, eta lau kide espetxeratu egin zituzten. Hammettek dirua bildu zuen haien askatasuna eskatzeko, eta kide haiek ihes egin zutenean, 1951n, Hammett bera espetxeratu zuten. Sei hilabete eman zituen preso, burkideei buruzko informazioa emateari uko egiteagatik.
Hammetten nobela nagusietako hiru daude euskaratuta: Red Harvest (Uzta gorria, Igela, 1996), The Maltese Falcon (Maltako belatza, Igela, 1997) eta The Thin Man (Gizon argala, Elkar, 1989). Aurreneko biak Xabier Olarrak euskaratu zituen, eta hirugarrena, Koro Navarrok.
Polizia nobelatik nobela beltzerako jauziaren egilea
Duela 50 urte hil zen Dashiell Hammett, 'Maltako belatza' 'Uzta gorria' eta 'Gizon argala'-ren egilea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu