Haren izena ez zen publiko zabalak ezagutzen dituen horietakoa. Ez baitzuen abesten edota gitarra jotzen, eta ez baitzuen agertokietara jotzen. Musika ere ez zuen egiten, baina pop anglosaxoiak eman dituen kantu ezagun eta ederrenetakoak hark eginak dira, parte batean bada ere. Hal David, besteak beste I Say a Little Prayer, Raindrops Keep Fallin' on My Head eta The Look of Love kantuen hitzen egilea, Burt Bacharachen bikotekide artistikoa, larunbatean hil zen, 91 urterekin, bihotzekoak jota.
Rock-and-rollaren igoera meteorikoarekin garaian bat etorri arren, Hal Davidek oso bestelako bidea bilatu eta aurkitu zuen Bacharachekin elkarlanean, sofistikatuago eta sentimentalagoa. Ibilbidea 40ko hamarkadan hasi zuen —Sammy Kaye eta Guy Lombardorentzat hitzak eginez—, eta 50eko hamarkadan jauzi handi bat eman zuen Bacharachekin elkartu zenean. 1957an idatzi zuten lehenengo kantua elkarrekin (The Story of My Life), Marty Robbinsentzat, eta urte hartan bertan Perry Comok arrakasta handia lortu zuen bikoaren beste kantu batekin (Magic Moments).
Kantari ugarirentzat lan egin zuten arren, Dionne Warwickekin harreman sendo eta oso berezia izan zuten. 1963an abestu zuen abeslari estatubatuarrak aurrenekoz bikotearen kantu bat (Don't Make Me Over), eta hurrengo urteetan beste hamaika etorriko ziren: I'll Never Fall in Love, Alfie, The Window of the World, Anyone who had a Heart, Message to Michael... Nolanahi ere, Dusty Springfieldek, Aretha Franklinek eta The Carpentersek ere jo zituzten Bacharach eta Daviden kantuak.
Oscar (Raindrops...), eta Grammy sariak (Promises, Promises) irabazi zituzten, eta 70eko hamarkadaz geroztik bakoitzak bere bidea hartu zuen.
Hilberria. Hal David
Pop ereserkien egilea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu