Sasiolako harrobiaren barruan dago Praileaitz. Gipuzkoako Aldundiko ordezkariek diote harrobia itxi beharrik gabe ere Praileaitz ondo babestuta dagoela, baina Aldundiaren erantzunak ez ditu elkarteko kideak lasaitu.
Elkartea sortu ondotik, erakundeei elkartearen berri eman eta bilerak eskatu dizkiete elkarteko kideek, baita kobazuloa barrutik ikusteko aukera ere. Horretaz gain, helegiteak aurkeztu dituzte, eta kobazuloa babesteko eskatzen duen manifestua idatzi eta zabaldu. Gaia jorratu duten beste talde batzuekin ere izan dituzte harremanak, Mutriku Natur Taldearekin besteak beste.
Jose Mari Agirrezabala Debako alkatearekin eta Joxe Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako ahaldun nagusiarekin bilera bana egin dute -Gonzalez Txabarrirekin atzo goizean-, baina Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuarekin eta harrobia ustiatzen duen enpresaren -Amenabar- arduradunekin ere hitz egin nahi dute.
«Kobazuloaren alde ahal izan duten guztia egin dutela esan digute Aldundiko ordezkariek», azaldu du Jauregik. «Baliteke hala izatea, baina gure ustez ez da nahikoa izan. Bestetik, hau sakonean ideologia borroka bat dela esan digute, eta guk argi esan diegu gure elkartean ideologia bat baino gehiagoko jendea batu garela, eta gure motibazioa ez dela ideologikoa».
«HONDAMEN EGOERA» AKUILU. «Praileaitz kobazuloko aztarnategiaren hondamen egoera da elkartea sortzera bultzatu gaituena», azaldu du Praileaitzen Lagunak elkarteko lehendakari Maite Marcok. «Harrobiko leherketek aztarnategia hondatzeko edo suntsitzeko bidean jar dezaketela uste dugu. Hain zuzen, lehendik zegoen kobazulo bat, Praileaitz II, desagertu egin da. Herri honetako kultura maite dugun pertsonak gara, eta talde heterogeneoa osatzen dugu, formazio eta helburu ezberdinetako jendea batzen duen taldea».
Praileaitzen Lagunak elkartearen talde eragilea Fito Rodriguezek, Fernando Larrukertek, Nekane Oiarbidek, Koldobika Jauregik eta Peio Urtasunek osatzen dute. Horiekin batera, kulturaren munduko jende ezaguna izan zen atzo, elkartearen aurkezpen ekitaldian: Jose Anjel Irigarai eta Julia Otxoa idazleak; Jose Antonio Sistiaga eta Ricardo Ugarte artistak; eta Xabi Otero argazkilaria, besteak beste. Joelle Darricau Isturitze eta Otsozelaikohaitzeen jabeak eta Aude Labarge historiaurrearen arloko ikerlariak ere parte hartu zuten atzoko aurkezpenean, taldeari sustengua emanez. Praileaitzen Lagunak elkarteak kaleratu duen manifestuak, berriz, 250etik gora atxikimendu jaso ditu dagoeneko.
PraILeaITzen LaGunaK eLKarTearen manIFesTua
Babestekoneurrien eskaria
Kulturaren munduko 250 lagunetik gora daude Praileaitzen Lagunak Elkarteak zabaldu duen agiriaren sinatzaileen artean. Honako hauek, besteak beste: JosAnton Artze, Anjel Lertxundi, Jose Anjel Irigarai, Julia Otxoa eta Toti Martinez de Lezea (idazleak); Nestor Basterretxea, Ricardo Ugarte, Jose Antonio Sistiaga, Jesus Mari Lazkano, Xabier Morras eta Jose Luis Zumeta (artista plastikoak); Xabi Otero eta Gema Arrugaeta(argazkilariak); Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta Kepa Junkera (musikariak); Jon Maia eta Xabier Amuriza (bertsolariak).Idatzi hau izenpetzen dugunok zera adierazi nahi dugu:
Debako Praileaitz I kobazuloan azken urteotan egin dituzten aurkikuntzen inguruko albisteak interes handiarekin jarraitu ditugu. Aurkikuntza hauetako batzuk dira erritu-funtzioa omen duten sutondoak, okrezko lapitzak eta dekoratutako uharri beltzez osatutako hainbat lepoko. Guztira, 29 zintzilikario dira, eta horietako batek Europako Erdialdeko Paleolito Aroko venus klasikoen antza du. Ikertzaileek diotenez, aurkikuntza hauek agerian uzten dute kobazulo horretan, orain dela 15.500 urte inguru, pertsona berezi batek errituak egin zituela.Pertsona berezi horren eginkizunak zein motatakoak ziren ulertzen lagungarria izan daitekeelako, xamana zela esango dugu. Honek Praileaizkoa Europa osoan lehen mailako aztarnategi bihurtu du. Duen garrantzia nazioarteko hainbat kongresuren bidez izan da aitortua, baita gai honetan adituak diren mundu osoko ikertzaileen bisiten bidez ere.
Hori gutxi balitz bezala, kobazuloarenbarruan labar-pintura batzuk ere aurkitu zituzten iazko udan. Puntu eta markak dira, beharbada orain dela 18.000 urte egindakoak. Azken aurkikuntzak kobazuloa Kultur Ondasun Kalifikatu bihurtzen du, Monumentu maila duena. Beraz, legez, kontserbatu eta babestu egin behar da.
Praileaitz I-i buruzko albiste hauek guztiak interes eta poz handiarekin jarraitu ditugula adierazi dugu arestian; orain, berriz, erabat kezkaturik gaude, kobazuloa harrobi barruan egonik, bertan txikizioak etengabe aurrera egiten duela ikusita. Harri erauzte lan handiak egiten ari dira, baita leherketak ere, sarri potentzia handikoak, gainera. Ustiatze eremuaren eta kobazuloaren artean oso metro gutxi dagoelako, pistak eraikitzeko lanak egin dituztelako eta zuhaitzak ere bota egin dituztelako, aztarnategia bene-benetako arriskuan dago, hondatzear edota baita, agian, suntsitzear ere. Eta, egia esan, ez dugu uste egoera honetan Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza behar bezala jokatzen ari direnik.
Horregatik, manifestu honen bitartez, herritarrei gure kezkaren berri eman nahi diegu, alde batetik, eta, bestetik, erakundeei eskatu nahi diegu aztarnategia benetan babesteko egoki diren neurriak har ditzatela, eta lehenbailehen har ditzatela, harrobia etengabe aurrera doa-eta.
Aldundiak Praileaitz babesteko neurriak proposatuko ditu, harrobia itxi gabe
J.L.Z.Donostia
«Praileaitzeko kobazuloa osorik eta ondo kontserbatuta dago, eta legez babestuta»,adierazi du Imanol AgoteGipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak. «Gezurra da barruko galeriarik txikitu denik. Barruan sartu diren teknikari guztiek diote kobazuloa osorik dagoela, eta sartu ez den jendea da galeria batzuk erori direla esaten ari dena». Ondoko kobazulo baten suntsiketak eragin du gaizkiulertua, Agoteren ustez.
Payer ingeniaritza enpresak Aldundiaren enkarguz egindako txosten teknikoaren aurkezpena egitean egin zituen adierazpen horiek Agotek, atzo arratsaldean. Txosten horretan oinarrituta, lau proposamen helaraziko dizkio Aldundiak Jaurlaritzari, helegiteen bidez: leherketen distantzia neurtzeko puntutzat margoen aretoa hartzea, eta ez kobazuloaren sarrera, orain arte egin den bezala; egungo zamarekin egiten diren leherketak puntu horretatik gutxienez 150 metrora egitea; babestuko den lur eremua zehaztu, inguruko paisaia gorde eta haitzuloko ur sarrerak ixtea; harrobiaren ustiapen plana babespen arauetara egokitzea. Txostenak emandako datuen arabera, kobazuloa eta aztarnategia guztiz babestuta izango lirateke neurri horiek hartuz gero, harrobia itxi edo geldiarazi gabe.
Urtebete inguru igaro daiteke orain Jaurlaritzak proposamen horiek onartu arte. «Helegiteak aurkezteko epea luzatu badugu, ez da izan kontua luzatzeko, helegiteak datuetan eta neurketetan oinarrituta aurkezteko baizik», azaldu du Agotek.