Praileaizko (Deba, Gipuzkoa) leizezuloa eta han biltzen den ondarea babesteko neurriak izan dituzte eztabaidagai gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, EAren ekimenez. Hain zuzen ere, babes neurri zehatzak proposatzen zituen mozioa aurkeztu du Jesus Mari Larrazabal legebiltzarkideak, bi puntu nagusirekin: batetik, kobazuloaren inguruko babes eremua 100 metrora zabaltzea, eta, bestetik, leizezuloaren inguruko mendi hegala kultura-ondasun izendatzea, hartara kobazuloari adinako babesa bermatzeko.
PP, Aralar, EB eta UPyD ados agertu dira proposamen horrekin. Ez, ordea, EAJ eta PSE-EE. Bi alderdi horiek zuzenketa bat hitzartu dute, eta bien artean gehiengoa dutenez, testu hori atera da aurrera azkenean. Zuzenketa horretan Praileaitz eta magala babesteko eskatzen zaio Jaurlaritzari, baina neurri zehatzik ez da aipatzen.
Praileaitzen paleolitikoko margoak eta bestelako aztarnak aurkitu dituzte, eta kultur ondare handia dago adituen arabera.Ingurua harrobi bat dago, eta ondorioz, kultur arloko eragileek kezka agertu dute behin eta berriz leizezuloak jasan ditzakeen kalteen inguruan.
Kultura
Praileaitzi buruz EAJk eta PSEk hitzartutako zuzenketa atera da aurrera Eusko Legebiltzarrean
Leizezuloa eta inguruko magala babesteko eskatzen dio Jaurlaritzari, baina neurri zehatzik proposatu gabe. EAren ekimenez eztabaidatu da gaia Legebiltzarrean, baina haiek mahai gainean jarritako babes neurri zehatzak ez dira onartu PPren, Aralarren, EBren eta UPyDren adostasuna jaso arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu