Zinema. Estreinaldiak

Presidenteak baino boteretsuagoa izan zen gizonaren memoriak

J. Edgar Hooverren inguruko film biografikoa egin du Clint Eastwood beteranoak, Leonardo DiCapriorekinIa 50 urtean, FBIko zuzendariak mendean izan zituen hainbat politikari

Leonardo DiCapriok aurreneko aldiz egin du lan Clint Eastwoodekin. BERRIA.
Gontzal Agote.
2012ko urtarrilaren 25a
00:00
Entzun
AEBetatik kanpo zail samarra izan daiteke J. Edgar Hooverrek herrialde horretako —hortaz, mundu osoko— historian izan duen garrantzia eta eragina neurtzea. Ia 50 urtez FBIko zuzendaria izan zen, eta lehendakaria bera baino boteretsuagoa zela esan izan da. Izan ere, zortzi lehendakari ezagutu zituen Hooverrek, eta haien inguruko sekretuak eta trapu zikinak biltzea omen zen haren zeregin nagusietakoa. Haren metodoak ez ziren beti behar bezain garbiak izaten, baina Hooverrek jakin izan zuen gorabehera politikoen gainetik bere postuari eusten. Demokratek zein errepublikanoek, denek, zioten beldurra, eta, gobernua kolore batekoa ala bestekoa izan, karguan mantentzen zuten. Hobe zuten FBIko zuzendari ahalguztiduna lagun izan, eta ez etsai.

Aldi berean, Hooverrek oso ongi babesten zuen bere eremu pribatua. Clyde Tolson izan zen bere lagun ia bakarra, baita laguntzailerik estuena ere, eta bien arteko harremanak esamesa ugari eragin zituen. Helen Gandy idazkaria izan zen bere bigarren zutabe ezinbestekoa. Hortik kanpo, oso jende gutxi zuen inguru hurbilean. Amarekin izan zituen liskarrek bien arteko harremana okertu zuten, eta horrek samin handia eragin zuen Hooverrengan.

Historiaren protagonista

FBIko zuzendari izandakoaren biografia estuki lotuta dago AEBetako historia garaikidearekin. Horregatik, nahiko logikoa dirudi Clint Eastwood izatea haren bizitzaren filma egiten ausartu den zinemagilea. AEBetako kronista nagusi bilakatu da zuzendari beteranoa, herrialde horretako ikur nagusiak aztertu ditu: jazz musika (Bird), westernaren mitoak (Pale Rider, Unforgiven), boxeoa (Million Dollar Baby), II. Mundu Gerra eta Pearl Harbor (Flags of Our Father) eta espazioaren konkista (Space Cowboys).

Azkenaldi honetan ohikoak izan dituen kolaboratzaile gehienak izan ditu berriro alboan zinemagile beteranoak. Gidoia, berriz, Dustin Lance Black idazleak garatu du, eta horretan pertsonaiaren argi-ilunak jaso nahi izan ditu, film sobera politikoa egin nahi izan gabe.

Filma 70eko hamarkadaren amaieran hasiko da, Hooverren bizitzaren azkenetan. Bizi duen guztia gorde nahiko du FBIko zuzendari ohiak, eta asmo horrekin bere memoriak egiten hasiko da. Horrek nahitaez denboran atzera egitea ekarriko du.

20 eta 77 urte bitarteko denbora tarte hori pantailara eramateko ardura Leonardo DiCapriok hartu du bere gain. Lehen aldia da aktore ezagunak Clint Eastwoodekin lan egiten duena, eta ez du zeregin erraza izan. Era berean, rol horrek aukera ezin hobea eskaini dio heldutasun artistikora ailegatu dela erakusteko. DiCapriorekin batera, Naomi Watts, Josh Lucas eta Judi Henchek bete dituzte beste pertsonaia nagusien rolak.

Ez da Edgar J. Hooveren inguruan film bat egiten denlehen aldia. Horren pertsonaia garrantzitsua izanik, filmaskotan agertu da bera edo bere itzala. Eta modu zuzenean, gutxienez bi pelikularen erabateko protagonista izan da: Hoover (Rick Pamplin, 2000) eta The Private Files of Edgar J. Hoover (Larry Cohen, 1977). Lehenengoan Ernest Borgnine ezagunak egin zuen Hooverrena; bigarrenean, berriz, Broderick Crawfordek.

Horrez gain, Hooverrek berak behin baino gehiagotan erabili zuen zinema bere balentrien berri emateko. Hainbatetan, propagandaz beteriko dokumental edo film laburren bitartez. Beste hainbatetan, aldiz, bere ideiak defendatzen zituzten istorioak edo gidoiak idatziz.

'J. EDGAR'

Zuzendaria. Clint Eastwood.

Aktoreak. Leonardo DiCaprio, Naomi Watts, Josh Lucas, Judi Dench, Armie Hammer, Ed Westwick.

Herrialdea. AEB.

Urtea. 2011.

Iraupena. 136 minutu.

Estreinaldia. Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.