Printze tronugabetua

Gontzal Agote.
2010eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Zuzendariak: Jay & Mark Duplass. Aktoreak: Jonah Hill, Marisa Tomei, Catherine Keener, John C. Reilly. Herrialdea: AEB. Iraupena: 92 min.

Gontzal Agote

Komedia independentearen mozorropean ailegatu da lau eskutara zuzendutako Cyrus hau; zorionez, filma txiste sorta bat baino askoz gehiago da. Hasi bai, umore ukitu gordin batekin hasiko da istorioa, baina festaren dantzaldi zoragarriaren ondoren beste tonu bat, beste norabide bat hartuko du filmak. Cyrus semea agertzearekin batera, bikote hasiberria zena hirukote bihurtuko da, eta harreman gozoa behar zuena gerra gupidagabe bihurtuko da.

Batez ere, giza behar afektiboen inguruko filma da Cyrus. Bakardadea eta bakardadeari zaion beldurra oso presente daude fotograma guztietan. Horiei aurre egiteko kosta ahala kosta helduleku bat aurkitu behar dute pertsonaiek, gehiegi inporta gabe helduleku hori sendoa, egiazkoa ala egoeraren araberakoa den. Hala edo nola naufragiotik ihes egitea da kontua.

Betiko arazoa den arren, ohiko berekoikeriarekin ozpinduko da; bide diferenteetatik biek pertsona berarengana ailegatu eta partekatu ezinik, nor baino nor hastea denbora kontua da. Piztien moduan, habian lekua irabazi nahiko dute; horretarako bestea kanporatu behar, soilik bakar batentzako baitago tokia.

Hirukotearen gai betierekoa modu orijinal batez ekarri dute duplasstarrek. Behar afektibo ezberdinak dira Johnek eta Cyrusek dituztenak -halere, intzestuaren gaiarekin jolas eginen dute zuzendariek-, eta ez zaie sobera inportako maite duten hori zauritzea. Bikotekidearen ohiko bereganatze presazkoari gaur egun nahiko normala den seme-alaben diktadura emozionala gaineratuko zaio. Haurren gisara garatuko dute gatazka, komenentzia sozialen arabera jokatuz, inoiz familia eredugarri bat osatu beharko balute bezala. Jakinik guztiz ezinezkoa dela, beranduegi dela horretarako.

Arkitektura hori guztia oso modu minimalean eraiki dute Cyrus-en, traba egiten zuen guztia baztertuz. Horrela, azkenean ia ganbera antzezlan bat da gelditu dena, hiru protagonistarekin. Hortaz, aktoreen lanaren gainean dago zimenduta filma, eta hirurei darien egiazkotasuna da film horrek ongi funtzionatzearen gako nagusietakoa.

Eremu independentetik molde komertzialetara salto egitean freskotasuna ez dute (oraingoz) galdu Duplass anaiek. Generoen sailkapen antzuan inoren lurraldean gelditu denez, Cyrus-ek ez ditu zinema aretoak gainezkatuko, baina bere ikusle talde txikiari azkenaldi honetan giza harremanen inguruan egin den azterketarik zorrotzenetakoa oparituko dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.