Erori ariketa bakar batean ere ez da egin, eta distira erakutsi du zenbait bertsoalditan. Hala, Oihana Iguaranek eskuratu du puntu gehien Leitzako final-laurdenean (714), eta Durangoko finalaurrekoan abestuko du.
Ikusmin handia zegoen gaurko saioari begira. 16:00etarako jendetza zegoen ilaran; amaitu egin dira sarrerak, eta giro beroa jarri dute udal kiroldegira bertaratutako 1.210 lagunek. Saio ona espero zen, eta hala izan da, puntuazioa lekuko. Iguaranen atzetik sailkatu dira Agin Laburu (686), Iñaki Apalategi (685), Julio Soto (678,5), Unai Agirre (674,5) eta Oihana Bartra (619,5), eta, oraindik hiru kanporaketa falta badira ere, Iguaranek ez ezik hurrengo laurek ere aurrera egin dutela dirudi.
Zortziko handian bertsoaldi guztiak izan dira txukunak, baina saioa zortziko txikian lehertu da lehen aldiz. Oporretako plana egiten ari ziren Apalategi eta Iguaran. Apalategik wifirik eta Internetera konektatzeko modurik gabeko leku bat nahi zuen; ordea, halako leku batera ez zela joango zioen Iguaranek. Lehen bi bertsoetan informatikari lotutako terminoak ezin hobeto baliatu dituzte bi bertsolariek. Honela amaitu du aurrena Iguaranek: "besten inbiria da/ oporren onena". Himalaiara joatea proposatu dio bigarrengoan Apalategik: "han elkartuko gera/ satelite denak". Eta amasarraren erantzuna: "tontorrikan ez dago/ selfie-rik ez bada".
Puntuari erantzun beharreko ariketan saio bete-beterik ez da izan, nahiz eta bertso batzuk onak izan diren. Hamarreko txikian eta kartzelan berriro gora egin du saioak. Ariketa horretan elkarrekin aritu dira Laburu eta Apalategi bigarren eta hirugarren sailkatuak. Honela zioen gaiak: "Igeltseroak zarete. Urte asko daramatzazue lanbide honetan. Agin, gaur iñakik esan dizu ikaste hasi nahi duela, bizimodua aldatzeko". Aginen lehena: "Orain ikasten hasi/ egin didak grazi/ bizitza teilatutik/ ezingo dek hasi". Hurrengo bertsoetan ere elkarrizketa polita osatu dute biek.
Kartzelan, giltza sortatik giltza bat ateratzen kokatu ditu gaiak bertsolariak. Zorrak ordaindu ezinda etxea utzi behar izan dutenaren paperean kantatu dute Bartrak, Agirrek eta Apalategik; kargua utzi duen alkatea izan da Iguaran; bikote harremana amaitu delako utzi du giltza Sotok; eta amaren etxetik alde egin du Laburuk.