Iosif Purits errusiarrak irabazi du Arrasate Hiria Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa. Diploma bat, garaikur bat eta 3.600 euro eskuratzearekin batera, hurrengo urtean kontzertu bira bat egitea ziurtatu zuen astearteko garaipenarekin. Puritsen atzetik Harri Kuusijarvi finlandiarra sailkatu zen, eta 1.800 euroko saria jaso zuen. Hirugarren postua bi akordeoi jotzaileren artean banatu zuten: Danimarkako Live Berger Brekkeren eta Errusiako Alexei Nefedoven artean, eta bakoitzak 450 euro jaso zituen.
Guztira hamabi herrialdetako soinu jotzailek parte hartu zuten lehiaketan, eta hasieran zeuden hamasei lehiakideetatik bederatzik gainditu zuten kanporaketa fasea. Epaimahaikideen artean zeuden: Friedrich Lips (Errusia), Janne Rattya (Finlandia), Geir Draugsvoll (Norvegia), Vojin Vasovic (Serbia) eta Jose Antonio Hontoria (Euskal Herria).
Antolatzaileek nabarmendu dute aurten egon den «lehia eta maila tekniko eta musikala». Nazioarteko lehiaketakoez gain, estatu osoko txapelketako akordeoi jotzailerik onenak ere saritu zituzten. Senior mailan, Kataluniako Olga Morral Bisbalek irabazi zuen lehen saria; gazteen mailan, berriz, Euskal Herriko Lore Amenabar Larrañagak. Haurren mailako lehenengo saria ere Euskal Herrian geratu zen: Sara Otaegi Ugartemendia sailkatu zen lehen postuan.
Purits, soinu jotzaile onena Arrasaten
Iosif Purits errusiarrak irabazi du Nazioarteko Akordeoi Lehiaketa, eta hurrengo urtean bira egin ahal izango du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu