Literatura

Rafael Chirbes hil da

Biriketako minbiziarekin hil da Espainiako idazle garaikide ezagunenetako bat.

2015eko abuztuaren 15a
10:11
Entzun

Bidea zuen oraindik egiteko; 66 urte baino ez zituen, eta azkeneko urteetan Espainian kritikak gehien laudatu dituen lanetako batzuen egilea zen. Baina bat-batean hil da Rafael Chirbes. Astelehenean biriketako minbizi bat atzeman zioten, eta larunbat honetan hil da. Ezustean gertatu da heriotza, nahiz eta osasun arazoak bazituen lehendik ere.

Herrialde Katalanetan jaio zen Chirbes, Tavernes de Valldigna herrian (Valentzia), 1949an. Baina obra guztia gaztelaniaz idatzi du. En la orilla (urertzean, 2013, Anagrama) izan da argitaratu duen azken lana. Crematorio (errausketa labea, 2007, Anagrama) eta Los viejos amigos (aspaldiko adiskideak, 2003, Anagrama) nobelek, aurrez, gaztelaniazko idazle ezagunenen artera eraman zuten. 2007an Espainiako Kritika Saria eta 2014an Espainiako Narratiba Saria irabazi zituen. Crematorio nobela telebistarako sail gisa ere egokitu zuten, 2011n.

Sorterria 16 urterekin utzi eta Madrilera joan zen Chirbes. Historia ikasi zuen han. Marokon, Frantzian, Galizian eta Espainian bizitu ondoren, Valentziara itzuli zen orain hamabost urte. Kritikak egin zituen zenbait urtez, eta 1988an argitaratu zuen lehen nobela (Mimoun). Bederatzi argitaratu ditu guztira. Horiez gain, lau saiakera liburu ere argitara eman ditu, guztiak Anagrama argitaletxearekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.