«Euskal rapa euskal kulturaren parte ezinbestekoa da euskal kulturaren bilakaera aztertzean». Eider Elduaien Infozazpi irratiko koordinatzailearen hitzak dira. Horregatik, eta «rap musikari oihartzuna emateko asmoz», Rapherria bilduma kaleratu du Infozazpik. «Euskal Herria, beste gauza askoren artean, rapa egiten duen herri bat ere badelako».
Talde beteranoek zein hasiberriek parte hartu dute Rapherria-n. Denek rapa lantzen dute euskaraz, eta talde horietako batzuek, seik hain zuzen, kanta berriak sortu dituzte, propio, bildumarako. Hamazazpi talde eta hemezortzi abesti biltzen ditu «elkarlanean» egindako egitasmoak. Joan den Durangoko Azokan aurkeztu zuten, eta, Elduaienek adierazi duenez, ustekabea ere hartu dute diskoa edukitzen ari den harrerarekin: «Ez genekien jendeak nola hartuko zuen, baina oso gustura gaude. Durangoko Azokan, esaterako, 400 ale saldu ziren. Deigarria da, era berean, denetariko jendeak erosi zuela». Bilduma zortzi euroan dago salgai Elkar dendetan (Internetez zein saltokietan), eta Gara egunkariaren atari digitaleko dendan ere bai.
Laster, gainera, diskoa herrialdeka zuzenean aurkezten hasiko dira —oraindik ere antolatzaileek ez dute egunen berri eman, baina aste honetan zehaztuko dituzte—, eta horietara joaten direnei sarrerarekin batera diskoa oparituko zaie, 10 euroan.
Euskal Herriaren «luze-zabalekoak» dira bilduman parte hartu duten taldeak, «herrialde guztietakoak», eta rap estilo «ezberdinak» lantzen dituztenak. «Ekimen berria da. Euskal Herrian sekula ez da horrelakorik kaleratu, eta alde horretatik ausarta ere badela uste dugu», adierazi du Elduaienek. Hain zuzen, hori da, haren ustez, diskoa erosteko orduan amuetako bat. «Bestea, berriz, letrak kritikoak direla izan daiteke. Euskaraz egiten den rapak ez dauka zerikusirik rap komertzialarekin. Egungo sistemarekin kritiko diren ahotsak ditu oinarri hemengoak».
Ipar Euskal Herrian Hegoaldean baino «zabalduago» dago rapa, Infozazpikoen iritziko, baina Hegoaldeko egoera aldatzen ari da. «Nabarmen, gainera. Gero eta gehiago dira musika mota hau egiten eta entzuten hasi diren gazteen belaunaldiak. Bilduma honetan, esaterako, bakarlari nafar ugari daude». Baina Elduainek argi utzi nahi du Rapherria bilduma «lagin bat» baino ez dela: «Askoz ere zabalagoa da euskarazko raparen panorama Euskal Herrian».
Sare ofizialetatik «baztertuta» dago, ordea, euskarazko rapa, Infozazpiko koordinatzailearen ustez. Beharbada horregatik, jaialdietan eta abarretan «presentzia txikia» du. «Batik bat sare ofizial eta komertzialetatik baztertutako musika da. Rapak beti eraman du berekin mezu konprometitua, aldarria. Erritmoari eta errimari lotutako protesta oihua dela esan liteke».
Eta kantetako letrak tarteko, Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak La Chula Potra abeslariaren aurkako kereila bat aurkeztu zuen: «Una bofetada [ez dago bilduman] abestian iseka egiten ziola argudiatu zuen Barcinak. Nafarroako auzitegiak, ordea, auzia artxibatu zuen. Bazterketa hori dela eta, bultzada eman nahi izan dio Infozazpi irratiak euskarazko rapari».
Rapa ere egiten delako
'Rapherria' bilduma argitaratu du Infozazpi irratiak, «rap musikari oihartzuna emateko asmoz»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu