Folk hitzak gazteak erakartzen ez dituela izan liteke arrazoia, baina Bidasoa Folk jaialdiko lehen kontzertuek gehienbat jende heldua bildu zuten ostiral gauean Hondarribiko Arma plazan. Antolatzaileek aulkiak paratu zituzten, Xabi Aburruzaga trikitilari bizkaitarraren eta Vieux Farka Toure abeslari eta gitarrista maliarraren musika eserita entzutekoegokia izango zelakoan, baina afrikarraren kasuan erabaki okerra gertatu zen. Ali Farka Toure zenaren semea hirukote formatuan agertu zen —baxu jotzailearekin eta bateria jotzailearekin batera— eta Afrikako blues tradizioko aire hipnotikoak eta trantzekoak ekarri zituen, baina inprobisazioaren indarrez etarockaren elektrizitatez horniturik.Kontzertuaren lehen zatia giro lasaietan igaro ondoren, bukaerarako gorde zituen pieza dantzagarri eta erritmikoenak, eta entzuleak pare bat aldiz zutitzea lortu zuen. Azkenerako, festa lehertu zen, entzuleen kalejira eta guzti, Aburruzaga eta haren taldeko bi musikari Farka Toureren hirukoteari gehitu zitzaizkionean ordu laurdeneko jam session inprobisatu bat eskaintzeko, Portugalete eta Niafunkeren arteko zubi bat eginez.
Atzo Aljeriako, Aragoiko eta Iberiar Penintsulako doinuak entzuteko aukera izan zen Irunen, eta gaurHendaiara iritsiko da Bidasoa Folk. Lau kontzertu izango dira hirugarren eta azken egunean. Txomin Artolak Bixintxo elizan joko du 19:30etik aurrera, eta ondoren Gaztelu Zahar frontoian hiru reggae emanaldi izango dira: Lengualerta Mexikoko taldea (21:00etan), Ingalaterrako Macka B&The Roots Ragga Band (22:00etan) eta Irungo Bad Sound System (23:45ean).
Reggae doinuek itxiko dute Bidasoa Folk jaialdia
Macka B, Bad Sound System, Lengualerta eta Txomin Artola ariko dira gaur Hendaian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu