Laurent Cantet zinemagile frantziarraren Retour à Ithaque filmak eraman du sari nagusia Miarritzen. Kubako azken hamarkadetako historiaz, orainaz eta geroaz gogoeta egiten du Cantetek pelikulan. Habanara itzuli den erbesteratu baten istorioa du ardatz nagusi. Donostiako Zinemaldian Perlak sailean eman zuten filma. Donostian honakoa esan zion zinemagileak BERRIAri: "Filmean agertzen diren sentimenduak unibertsalak dira. Kuba ez da, batzuek askotan pentsarazi nahi izan duten bezala, munduan bakartuta eta aparte bizi den herrialde bat".
Damian Szifronen 'Relatos salvajes' filmak irabazi du publikoaren saria. Epaimahaiaren sari berezia Jose Luis Valle mexikarraren Las búsquedas filmarentzat izan da. Emakumezko aktore onena Relatos salvajes-eko Erica Rivasek eraman du. Gizonezko aktore onenaren saria, berriz, Mr. Kaplan Uruguaiko filmeko Hector Noguera eta Nestor Guzzinirentzat izan da.
Dokumentalen alorrean, film onenaren saria Hatuey Viveros Lavielle mexikarraren Cafe-rentzat izan da. Aipamen berezia jaso du, bestalde, Paraguaiko Poder e impotencia, un drama en tres actos dokumentalak. Anna Recalde Miranda da lan horren zuzendaria. Publikoaren saria Argentinako Mercedes Sosa, la voz de Latinoamerica dokumentalarentzat izan da.
Film labur onenaren saria Santiago Bou Grasso argentinarraren Padre lanak jaso du. TV5 Mondek ematen duen saria Mexikoko El sonámbulo film laburrarentzat izan da.
Antolatzaileek nabarmendu dute 35.000 ikusle izan direla egunotan zinema jaialdian.