Nerabe zela, antzerkia «zerbait zaharkitu» bezala ikusten zuen, «zentzurik ez zuen zerbait» zela iruditzen zitzaion. Unibertsitatean arkitektura ikasten hasi bezain pronto joan zitzaion antzerkiarekiko ikuspegia aldatzen eta harekiko zaletasuna pizten. Frankismoaren aurkako agit & prop antzerkia egiten hasi zen herriz herri, eta «zerbaiterako baliagarri» izan zitekeela jabetu zen.
Orduz geroztik ez dio utzi antzerkia egiteari Ricardo Iniestak (Ubeda, Espainia, 1956). Sevillako Atalaya antzerki konpainiako zuzendaria sariak eta gisakoak jasotzera bezain ohiturik dago azken urteetan bere lanekin Euskal Herrian izatera. Barakaldo antzokia izan du ohiko erakusleiho: «Gure lan guztiak urtero-urtero erakutsi ditugun leku gutxienetako bat izango da». Gaur ere Barakaldon izango da Iniestak gidaturiko Atalaya konpainia, Ricardo III Shakespeareren lan klasikoarekin.
Atalaya konpainiak ia 28 urtetako ibilbide oparo eta laudatua dauka. 1983an sortu zuen Iniestak berak. Egile greziar klasikoetatik hasi, Bertolt Brecht eta Heiner Mueller autore alemaniar modernoagoen lanetatik igaro eta gaur egungo abangoardiako egileenak ere taularatu izan ditu. Baina, «guztietan handiena» denari heldu gabea zen oraindik. «Geure burua prest ikusi dugu Shakespeareren lan bat taularatzeko. Bere lanik modernoetakoena da, baina baita gutxien jorratzen denetakoa ere Erresuma Batutik kanpo», zehaztu du Iniestak. Gaurkotasun handiko gaia izateak erakarri zuen antzerki zuzendaria: «Boterea lortzeko edozer gauzaren truke nola egiten den borroka azaltzen du istorioak, eta ondorioz sortzen den ustelkeria. Gure garaiarekin eta gure geografiarekin oso loturik dagoen gaia da». Sakontasun sozial handiko gaia, baina umorerako tartea ere ematen duena: «Shakespeareren karga poetiko indartsua hor dauka, baina groteskoarentzako lekua ere uzten du. Pertsonaia nagusiak publikoari hitz egiten dio, galderak egiten dizkio, eta bere ekintzen konplize bihurtu nahiko du». Jeronimo Arenal aktoreak jokatuko du aktore nagusiaren rola, eta alboan beste zortzi aktore izango ditu.
Laboaren adiskidea
Euskal Herriarekin lotura estua dute Atalaya konpainiak eta Ricardo Iniestak. Ez bakarrik beraien lanen ohiko erakusleku delako, Iniestak berak Mikel Laboarekin harreman hurbilekoa, sentikorra eta baita «profesionala» ere izan zuelako, eta oraindik ere baduelako. Taldeak aurreko urteetan taularaturiko antzezlan askotan (Descripción de un cuadro, Hamlet-machine, Exiliadas...) erabili izan ditu Laboaren kantuak, eta Ricardo III-n ere «omenalditxo» bat egin nahi izan dio. Obraren azken unean Laboaren Gernika entzungo da.
Mikel Laboaren berri anaiaren bitartez izan zuen Iniestak. «Berak esan zidan Mikelen musika oso ondo egokituko zela guk egiten genuen antzerkira. Gauzak zer diren, Mikel hil eta gutxira hil zen anaia ere». Hamlet-machine ikuskizuna egitean elkar ezagutu zuten 90eko hamarkada hasieran, eta adiskidetasun harremana eraiki zuten geroztik. «Batetik, indar telurikoa zuen, lurrari oso loturikoa, eta, bestetik, ura eta airearekin ere oso loturik zegoen bere izaera. Australian gure antzezlan bat eman, eta ez zuten ulertuko berak zer zioen, baina iritsi egiten zen, barreiatu». Baina gauza guztien gainetik, Laboaren «ontasunak» liluratu zuen Iniesta: «Oso gutxitan ematen den kontua da jeinuen artean. Ohikoa baita sorkuntzaren munduan ogibide berekoen artean inbidiak sustatzea eta eztenak jaurtitzea. Baina Mikel berezia zen horretan ere; oso pertsona ona».
Beste antzerki bat nahi
Prestigiozko antzerki zuzendari bihurtu da azken urteetan Ricardo Iniesta. Ezin konta ahala sari eman dizkiote. Sona handikoena, 2008an jaso zuen Espainiako Antzerki Saria. Pixkana-pixkana sarientzako apala «betetzen» ari dela dio, eta «hipokrita» izango litzatekeela sari horiek gustura ez dituela hartzen esango balu. Baina sariak ez ditu jomuga. «Antzezlan bat ez dugu prestatzen sariak eskuratzeko. Gero etortzen badira, ongietorri izango dira, eta akaso lagunduko digute zenbait ate zabaltzen, baina, egia esan, horretan ere ez dute bereziki laguntzen. Eguneroko lanak zabaltzen ditu ateak».
Gaur egun antzerkiak arazo larri bat dauka, Iniestaren ustetan: «Programatzaileen kontserbadurismoa da antzerkiak duen arazo handiena. Antzerki zaharkitu bat bultzatzen dute. Duela urte batzuk egin genituen zenbait muntaia ezinezkoak lirateke orain, Hamlet -machine edo La rebelión de los objetos de Maiakovski ezingo genituzke egin orain, programatzaileak askoz ere kontserbadoreagoak direlako. Horregatik, lan klasikoetan aztarrika ibiltzera beharturik gaude ia. Klasikoen bitartez adierazi behar izaten dugu adierazi nahi duguna. Horrek behartzen gaitu klasikoetatik asko ikastera, baina, era berean, tristea da lan esperimentalagoak ezin egin izana». Egungo antzerkia programatzeko orduan gailentzen diren irizpideekin kritiko da oso Iniesta: «Egungo antzerkia aurpegi famatu eta izen handietan oinarritzen da, telebista saioetan ezagun egiten diren aktoreak bilatzen dituzte, eta ez talde baten jarraikortasunean».
Ricardo Iniesta: «Programatzaileekantzerki zaharkitua bultzatzen dute»
Antzerki zuzendari laudatuak gidaturiko Atalaya konpainiak 'Ricardo III' emango du gaur Barakaldon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu