Rita Marleyk uste du Afrikak «bizitza, etorkizuna eta itxaropena» dituela

Bob Marleyren omenezko kontzertuan parte hartuko du gaur, Kataluniako Rototom Sunsplash jaialdian

Agentziak
Castello
2011ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Afrikaren geroarekiko itxaropentsu azaldu da Rita Marley, Bob Marley zenaren alarguna. Haren iritziz, Afrikak «bizitza, etorkizuna eta esperantza ditu», baina «maitasun apur bat» behar da kontinente beltza dagoen «egoera triste eta oso zailetik» ateratzeko. Rita Marley Benicassimera heldu zen atzo (Castello, Herrialde Katalanak), Rototom Sunsplash jaialdian parte hartzeko. Reggae jaialdi horretan Bob Marley omentzen ari dira aurtengo ekitaldian, No Woman, No Cry-ren sortzailearen heriotzaren 30.urtemugan. Omenaldi nagusia gaur bertan egingo zaio, Marleyren bi semek —Ziggy eta Kymani— eskainiko duten kontzertuarekin. Rita Marleyk Kymani lagunduko du agertokian.

Bob Marley biziko balitz, haren mezua berbera izango litzatekeela uste du kantariaren alargunak. «Bobek aurreikusi zuen gaur egun dugun mundua, sufrimenduz betea. Harentzat garrantzitsuena partekatzea zen, hala sentimenduak nola ondasun materialak. Gaur egungoa bezalako mundu nahasian, bere mezua berbera izango zen».

Oliver Stonek egin asmo duen pelikulari buruz ere hitz egin zuen Rita Marleyk. Zuzendari estatubatuarra gidoia idazten ari da, baina Marley gorpuztuko duen aktore egokia aurkitzea izango da zailena, Rita Marleyren iritziz. Bob Marley «ordezkaezina» dela eta haren rola jokatzen duen aktorea «ikono bilakatuko» dela uste du. Stoneren filmaz gain, bada zinemarako beste proiektu bat bidean. Kasu honetan, Ziggy Marleyk zuzendu du bere aitaren bizitzako azken egunei buruzko pelikula, eta datorren urtean estreinatuko du.

Musikaz gain, gai sozial eta politikoei buruzko eztabaidek ere lekua dute Rototom Sunsplashen. Horren barruan, Fermin Muguruzak Palestinari buruzko hitzaldi bat gidatuko du gaur. Rita Marleyrekin berriz elkartzeko aukera izango du euskal musikariak,I-Threes ahots hirukoteko kideak Muguruzaren Euskal Herria Jamaika Clash (2006) diskoaren grabazioan parte hartu baitzuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.