Ahotsa du bizi oso baten testigantza agerikoena. Bizi izandakoaren metafora indartsuena. Lakarra dauka. Dibertsioa, gehiegikeriak eta kolpe gogorrak antzeko dosietan eztarriratu dituenaren ahots lakarra. Baina baita sakona ere. Bizi izandakoak ondo digeritu, eta ondoren berriro heldutasun iradokitzailez kanporatzen dituenaren ahots sakona. Egungo kultuko kantari heldu, konplexu eta estimatuaren irudiak zerikusi gutxi dauka 60ko hamarkadan eta The Rolling Stones errebeldeen abarora loratu zen artista lotsagabearekin. Mende erdi bete du aurten musikaren munduan. Amona da jada, bilobak ditu. Eta asko du kontatzeko eta kantatzeko. Oraindik. Erretiroa hartzeko inolako asmorik ez baitauka. «Lan asko daukat, eta oso gustukoa dut egiten dudana. Fisikoki irauten dudan artean jarraitu egingo dut honetan». Gaur Bilbon ariko da Marianne Faithfull kantari eta aktore ingelesa, BBK aretoan,Music Legends zikloaren barruan. Sarrerak amaituta daude aspaldian.
Mick Jagger eta beste hamaikatxo musikari ezagunekin izandako amodio istorio sonatuak, drogekin izandako arazoak, bularreko minbizia eta depresioa ere iraganeko kontu dira dagoeneko 1946an Hampsteaden jaiotako artista horrentzat. Horses and High Heels disko kaleratu berria eta hori aurkezteko egiten ari den bira dira oraina. Ez da ohiko musika kontzertua Faithfull eskaintzen ari dena. Kontzertu bat baino gehiago ikuskizuna baita. Musika da ikuskizuneko ildo nagusia, baina ez bakarra. Testu narratiboak tartekatzen ditu abestien artean. Antzerkitik ere gertu dago, beraz. Antzerkia eta aktore lana maite baititu Faithfullek. 60ko hamarkadan Hamlet eta Txekhoven Three Sisters obrak antzeztu zituen, Bertolt Brecht eta Kurt Weillen lanak bere egin zituen aurrerago eta zineman ere parte hartu izan du, batez ere 2000. urtetik aurrera; Marie Antoinette (2006) eta Irina Palm (2006) filmetan rol garrantzitsua jokatu zuen. Baina beti nahi izan du antzerkian gehiago barneratu. Arantza txiki bat badu: «Akaso, ez dut gustatuko zitzidan beste lan egin antzerkian. Antzezlan gehiagotan parte hartzea gustatuko litzaidake, Shakespeare gehiago lantzea gustatuko litzaidake. Horregatik disfrutatzen dut orain hainbeste haren sonetoekin».
Azken hamarkadan —aurrez moteldu samarrik egon zen haren musika jarduna—,indarra, gaurkotasuna eta aitortza irabazi ditu Faithfullek, besteak beste, artista eta musikari asko izan dituelako alboan, miresle eta kolaboratzaile gisa. Kissing Time diskoan (2002) Billy Corganek, Beckek, Pulpek eta Blurrek lagundu zioten, eta Before the Poison lanean (2004) PJ Harvey, Nick Cave, Damon Albarn eta Jon Brion izan zituen bidaide. Easy Come, Easy Go lanean (2008), Billy Holidayren Solitude, Morriseyren Dear God, Please Help Me eta Dolly Partonen Down from Dover kantatu zituen, besteak beste.
Horses and High Heels lan berriak beste zenbait artistak idatzitako kantuak eta Faithfullek berak konposaturiko lau kantu biltzen ditu. Mark Lanegan, Allen Toussaint eta Carol King dira kantuak idatzi dizkiotenetako batzuk.
Jose Gonzalez Kafe Antzokian
Izen latinoa izanagatik, kantugile suediarra da Jose Gonzalez. Lehenago ere izana da Bilbon. Gaur Kafe Antzokian ariko da (20:30; 15 euro). Argentinarren semea da, Goteborgen jaio zen, 1978an eta gitarra bat eta ahots zauritua nahikoak ditu entzuleak hunkitzeko, trobadore tankerako betiko kantarien moduan. Kantu liriko eta saminak esentziara murrizten ditu, baina muga bat izan beharrean, edertu egiten ditu. Veneer izan zen haren aurreneko lana (2005), zaleak erakarri eta adituak, besteak beste, Nick Drakerekin alderatzera eraman zituena. 2008an kaleratu zuen orain arteko estudioko azkena lana: In Our Nature. Popa eta folka melodia politen bitartez bideratzen ditu Gonzalezek, eta,zenbaitetan, bossa nova edo bestelako doinuak ere baliatzen ditu.
Rock historia puska bat
Marianne Faithfullek musika eta testuak uztartuko ditu gaur Bilbon egingo duen emanaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu