Musika

Rolling Stonesen eskenatokia desmuntatzen ari ziren bi langile hil dira Madrilen

2007ko ekainaren 29a
15:52
Entzun
Rolling Stones taldeak atzo gauean Madrilen jo zuen, Vicente Calderon estadioan -lehengo larunbatean Donostian, Anoetan-, eta kontzertuaren ondoren eskenatokia desmuntatzen ari ziren bi langile hil egin dira gaur. 44 eta 38 urteko gizonezkoak dira. Beste bi behargin zauritu egin dira: bat (25 urteko gizonezkoa) oso larri dago eta besteak (30 urteko gizonezkoa) zauri arinak ditu.

Madrilgo Larrialdi Zerbitzuek esan dute hil diren bi langileak eta larri dagoena habe horizontal batean eserita zeudela habea erori egin dela. Zauri arinak izan dituen langilea, berriz, ez zegoen eserita, estrukturan zintzilik baizik.

Musika taldeak erabiltzen duen eskenatokiak 300 tonako pisua du, eta 200 lagunek baino gehiagok egiten dute lan.

Duela urtebete Vicente Calderonen bertan beste langile bat hil zen musika emanaldi bateko oholtza kentzen ari zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.