Rufo Criadoren lanek ura «erreka eta isla gisa» erakusten dute Bilbon

Argazkien gainean ordenagailuz egindako margolan abstraktuak dira Rekalde aretoan jarri dituen gehienak

Rufo Criado, Rekalde aretoko Ur soinuak erakusketako lan baten aurrean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Rufo Criadoren (Aranda de Duero, Espainia, 1952) Ur soinuak erakusketak izenburu hori duen seriea osorik ikusgai jarri du lehen aldiz Bilboko Rekalde aretoan. Horrekin batera, Ur begiak argi kutxen seriea ere osorik ikusteko aukera egongo da lehenengo biderrez. Artistak 1994. eta 2010. urteen artean sortutako hainbat margolanek eta eskulturak eta bideo eta audio batek osatzen dute erakusketa. Ura dago lan guztien oinarrian, batzuetan esplizituki, besteetan era abstraktuagoan; izan ere, artistaren lan gehienak abstrakzio geometrikoa dute adierazpide. Erakusketa, apirilaren 9ra arte izango da ikusgai.

Artistak hainbat euskarri eta teknika mota erabili ditu lanak gorpuzteko; hala ere, esan daiteke gehienetan paleta digitala izan duela lagun. Inpresioak, inpresio eta xafla gaineko akrilikoak eta paper gaineko teknika mistoez sortutako lanak biltzen ditu erakusketak. Inpresioen artean, argazkigintzak toki nabarmena izan du; izan ere, Rekalde aretokolan askoren oinarrian dago. Criadok argazki gainean pintatu du, naturalismoa eta abstrakzioa uztartuz, nolabait. Argia ere ezinbesteko osagaia da hainbat piezatarako; argi kutxen bidez, pintatutako oihal gaineko lanetan efektuak sortu nahi izan ditu. Horien guztien artean, eskulturatik gertu daudenak ere badaude, berak «hiru dimentsioko margolan» gisa definitzen baditu ere.

Artistak garrantzi handia ematen dio hiru dimentsionaltasuna bilatzeari. «Bi dimentsioetatik ihes egiteak begiratzeko forma berri bat ahalbidetzen du. Bi dimentsioko ikuspegia, Errenazimentutik hona, oso itxia izan da. Horretatik ihes egin nahi izan dugu, ikusleak konposizio beraren esperientziak era zabalagoan uler ditzan».

Paleta digitalez pintatuz

Aretoan sartu eta berehala, ikusleak uraren ideia igartzen du: sinbolikoki lehenengo; esplizituki geroago. «Nire lanaren parte bat oso lotuta dago uraren ideiari, ura erreka eta isla gisa ulertuta», dio Criadok. Xafla da uraren islaren ikur erakusketako lehengo lanetan; eta, aldi berean, xaflen gaineko marrek errekaren ibilbidea dakarte gogora. Aurrera egin ahala, esplizituago bihurtzen zaizkigu ur zantzuak, argazkien bidez, gainean koloretako irudi geometrikoak badituzte ere.

Arte digitalak garrantzi handia du artistaren lanean, Rekaldearetoan ikusgai jarri dituen lan gehienak ordenagailuz sortu ditu. «Erreminta digitalak esperientzia naturala eta arrazionala batzeko aukera eman zidan», argitu du. Artistak berak hartutako argazkien gaineko margolan abstraktuak dira erakusketako lan gehienak. Estudiotik gertu dituen erreka eta basoko argazkien gainean lan egiten du. Criado 1992an hasi zen ordenagailuekin lanean, nahiz eta 2003 arte ez zuen erreminta digitalez sortutako lanik erakutsi. «Teknika menderatu arte ez nuen ezer erakutsi nahi». Ordenagailuarekin lan egitea ez da erreza izan. «Pinturaren tradiziotik gatozenontzat ordenagailuarekin lan egitea esperientzia zaila da. Hala ere, oso erronka interesgarria izan zen niretzat paisaiaren esperientzia beste paleta batez irudikatzea». Aurretiko ezagutza guztiak erabiltzen ditu paleta digitalarekin ari denean, baina, hala ere, «emaitza guztiz ezberdina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.