Musika

Ruper Ordorikak aurkeztu du 'Bakarka' diskoa

Bere ibilbide osoko hamabi abesti jaso ditu Ordorikak bakarkako lehen lanean. "Asko ibilitako kantuak" dira, baina gitarrarekin soilik grabatuta, beste norabait eraman dituela sentitu du.

Gaur goizean aurkeztu du diskoa, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Andoni Imaz.
2018ko azaroaren 8a
13:44
Entzun

Azken bi-hiru urteetan, kontzertu ugari eskaini ditu Ruper Ordorikak bakarka, gitarra ez beste konpainiarik gabe. Kontzertu horietan izandako bizipenek eraman dute bere ibilbideko zenbait abestiri berriro heldu eta formatu soilean grabatzera. Hamabi jaso ditu denera Bakarka diskoan, eta hori izan da hain zuzen prozesu osoko lanik nekezena, kentzea.

Abestiei gainontzeko instrumentuak kendu zizkienean hasi zen jende asko Ordorikaren gitarra arretaz entzuten, eta bakarkako emanaldietan igarri du jendea beste modu batera hurbiltzen dela bere musikara.

Sei diskotatik hartu ditu hamabi kantak, intuizioari jarraituz beste ezeri baino gehiago. Hasierako diskoetakoak dira zenbait: Fas fatum eta Herdoilarena, Hautsi da anphora lehen diskokoak (1980), eta Asmatzekorik ez eta Berandu dabiltza, Ni ez naiz Noruegako errege bigarrenekoak (1983). Azken urteetako hainbat lan ere badaude: Haizea garizumakoa diskoko (2009) Edertasunaz mintzo eta Joan soseguz, eta Hodeien azpian-eko (2011) Banekien, Ezbaieko gogoan eta Mundua biltzen duen oihartuzuna.

Diskoa osatzen dute Ez da posible-ko (1990) Ene begiek kantak, Dabilen harria-ko (1998) Martin Larralde-k, eta Mikel Errazkinen omenezko Bidean aurkitu zintudan-eko (2008) Lagunaren heriotza-k.

Abenduan, beste disko bat grabatuko du taldearekin, zuzenean, Bilboko Kafe Antzokian. Bakarkako emanaldiak taldean egindakoekin uztartu nahi ditu, haiek ematen diotelako beste zerbait: "Taldea beste gauza bat da, beste frekuentzia batean sartzen naiz".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.